“Beertoki azoka herrikoia da”

Aiurri 2022ko api. 18a, 09:00

Beertoki Euskal Herriko Garagardo azokaren V. edizioa larunbat honetan izango da Amasa-Villabonako pilotalekuan. Goizez eta arratsaldez jana, edana eta kultur emanaldiak eskainiko dituzte. Antolatzaile taldeak agur esango dio ekimenari, lekukoa hartuko dion jendea topatzeko itxaropenez.

Eneko Calvo, Jon Ander Artola, Igor Fernandez eta Aitor Otegi Beertoki ekimeneko kideak dira. Hauxe Aiurri hamaboskarian argitara emandako elkarrizketaren laburpena.

Azkeneko Beertoki azoka izango dela zabaldu duzue. Zergatik izango da azkenekoa?

Jon Ander Artola: Gauza guztiak bezala, hasten den guztia amaitu egiten da. Azoka egiteaz gain, denbora dezente daramagu ekitaldiak antolatzen, kontzertuak eta ekintza asko egin ditugu. Nahiago dugu gauzak lasaiago hartu eta gure artean lasaiago ibili guztia erabat antolatzen egotea baino.

Zergatik izango da azkenekoa?

Eneko Calvo: Konpromiso handia eskatzen du eta betebehar bat edo obligazio moduan egitea ez zaigu gustatzen. Guk gure artean gustura egon nahi dugu, ez dugu elkartu nahi bilerak egiteko soilik, lagun gisa batu nahi dugu. 

Igor Fernandez: Hasieran dena izaten da berritzailea eta "boom" modukoa, baina, gero, jendea ez da horrenbeste animatzen. Antolatzen dugun azokara jende asko etortzen da; guretzat oso garrantzitsua da, baina ez genuen gure artean giro txarra sortzerik nahi. Bikaina litzateke beste pertsona batzuek erreleboa hartzea.

Aitzindariak izan zarete proiektu honekin. Garagardogileei albistea eman diezuenean zer esan dizuete?

Igor Fernandez: Azoketan ibiltzen den garagardogile gehiengoak etorri nahi du. Lehenengotarikoak izan gara eta hasieran guztiek etorri nahi zuten gurera. Ondoren, azoka gehiago sortzen eta antolatzen joan dira eta batzuek ezin izan dute etorri gurera. Urte batzuetan, zozketa egin dugu gehiegi zirelako.

Aiztondoko eta inguruko beste hainbat herrietako jende asko etortzen da Beertokira.

Igor Fernandez: Azoka jende guztiarentzat dago pentsatua. Azoka herrikoia da. Urtero ikusten ditugu azoka eguneko argazkiak eta bertan gazteak, zaharrak, haurrak... Denetik ikusten da. Amasa-Villabona erdia bertan dago, eta hori zoragarria da.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!