Larre irekiera izango da larunbatean, Komizarren

Aiurri 2022ko api. 20a, 10:07

Larre irekieraren festa ospatuko dute apirilaren 23an, larunbatean, Amasa-Villabonako Komizar parkean. Egun honen bitartez, herriko larre publikoetan ganadua aske uzteko auzkera egongo da.  

Udaleko Ingurumen sailak eta Amasamendiko abeltzainen elkarteak goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, Komizar parkean. Ordu horretan larretze garaiari hasiera emango zaio, eta abereak Komizar parkera sartuko dira. Ondoren, trikitilariez girotutako hamaiketakoa egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Udalak adierazi duenez, Amasako abeltzainek, guztira; 125 behi, 638 ardi, 45 abere eta 40 ahuntz utziko dituzte aske Amasamendiko larre publikoetan. Azpimarragarria da Gipuzkoan dagoen onura publikoko mendi-eremu handienetarikoa dela Amasamendi, eta larreratuko diren 800 abelburuek herriko larreak garbi mantentzeko egiten duten lana ezinbestekoa da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!