Bertso pilota jaialdia antolatu duzue, baino ez da lehenengo aldia egiten duzuela…esperientzia handia duzue jada
Iker Urmeneta, Beñat Gaztelumendi eta hiruok hasi ginen Bertso pilota antolatzen, baina, ja 10 urte izango dira era formalago batean hasi ginela. Babesle edo kolaboratzaileekin hasi ginen lanean, Irrien lagunak esaterako, beraiek izan dira nagusiki gurekin parte-hartu dutenak.
Zer berezitasun du horrelako pilota partida batek?
Herrietara joaten ginen pilotan jokatzera eta herri horretako pilotariren batek jokatzen zuen partidan. Pilota partida umoretsuak egiten genituen, ahalik eta alai eta dinamikoena. Bertsolarien kasuan, jokatzen genuen herriko bailarako bertsolariak izaten ziren, maila handikoak izan ditugu, Amets Arzallus adibidez, eta partida nahiko politak ateratzen ziren. Horretaz gain, haurrentzako jolasak ere egiten genituen eta parte-hartzen zuten haurrekin zozketak egiten ziren babesleak emandako materialak banatzeko. Gainera, produktuak berak jartzen genituen salgai eta lortutako dirua herri horrentzat izaten zen. Bertso pilotarekin Amerikara joan ginen, Argentinara. Gerora, beste Bertso pilota moduko batzuk egiten hasi ginen.
Oinatz Bengoetxeak Aiurrin eginiko elkarrizketan aipatu duenez, hamarnaka partida jokatuko ditu urria bitarte, nola jarri zineten berarekin kontaktuan?
Pilota munduan urte asko daramat, federazioan, klubean, pilotari gisa...azkenean harremanak egiten joaten zara eta Oinatz laguna da honezkero. Lehenago ere nire ikaskidea izan zen, adinkideak gara eta hortik ezagutzen nuen. Afizionatu onenetarikoa zenean ni bere jarraitzailea nintzen eta hortik atera zen Villabonan partida jokatzeko aukera.
Bengoetxea amu bikaina da, baina Mikel Goñik ere jokatuko du. Nola jarri zineten kontaktuan?
Aurretik Goñiren aurka jokatu dut bi aldiz, eta hauek ere bertso pilota partidan izan dira. Bi partida izango dira Villabonako Bertso pilota saio honetan, lehenengoan Jon Urbieta eta Julen Aizpuruk jokatuko dute, Eneko Maiz eta Julen Urruzolaren aurka.
Gure artean lehiatzeko jaialdia izan behar zuen, baina, Arkaitz Esnaola Behar zanako jokalaria lesionatu egin zen. Hori horrela, Mikel Goñik Hernanin jaialdi batean jokatuko zuela ikusi genuen, bikote on baten aurka, eta, maila minimoa emateko moduan egongo zela pentsatu genuen.
Egia esan, ziur genekien sarrerak azkar salduko zirela Mikel Goñiren izena jarri aurretik, baina, Goñiren izena jarri genuen bezala, hilabete aurretik, sarrera guztiak guztiz amaitu ziren. Ez dakit sarrera gehiago egongo balira zenbat saltzeko gai izango giñateken...pena ematen du jende ezagun asko kanpoan geratuko delako, baina, ezin dugu besterik egin.
Zuentzako orduan, partida berezia izango da...
Bai, azkenean lagun arteko partida izango da eta frontoia guztiz beteta jokatzeak ilusio handia egiten du. Herriko Frontoia finaletan bakarrik betetzen da, beraz, lagun arteko partida jende askoren aurrean jokatzeak gogo handiak sortzen ditu. Niretzat ohore bat da Bengoetxea bezalako pilotari batekin jokatzea, 38 urterekin adina gora doa, eta oraindik pilotan jokatu daitekeela ikusteak harro sentiarazten nau. Jendea animatu nahiko nuke adinean gora egin ahala jokatzen jarraitzea.
Espero zenuten horrelako bikote batek batera jokatzea?
Bikoteak guk egin ditugu eta horrelako partidetan antolatzaileak berak egiten ditu bikoteak. Erakargarritasun puntua dauka Bengoetxeak eta Goñik elkarrekin jokatzeak, lehendik ere elkar ezagutzen dira.
Herrian iragarri zenutenean nolako harrera izan zenuten?
Jendeak asko galdetzen du partida honen inguruan, badirudi partida hori bakarrik dagoela. Horrek arduratu egiten nau, izan ere, batez beste 30 partida ari gara jokatzen Behar zanako pilotariak astero, eta hori izugarria da. Gipuzkoa mailan, klub gutxi daude horrelako dinamikarekin. Astero-astero hiru edo lau jaialditan parte-hartzen dugu, oso maila onekoak gainera, txikitatik hasi eta helduetaraino. Horregatik jarraipenik eta zabalkunderik ez izateak arduratzen nau. Garai batean, jendea kartelak ikustera joaten ziren, eta gaur egun, guk jarri behar izaten ditugu kartelak jendearen aurrean jaialdietara gerturatzeko.