Arratsalde borobila, Behar Zanaren 75. urteurrena ospatzeko

Ainhoa Gil 2022ko api. 30a, 22:15

Pandemiaren eraginez urtebeteko atzerapenez bada ere, Behar Zana elkartearen 75. urteurreneko ospakizunak bikain doaz. Gaur arratsaldean lepo bete da pilotalekua, pilota partida bikainez gozatzeko. 17:30etan hasi da jaialdia eta izen handiko pilotariak aritu dira, bertsolarien jardunaz lagundurik. Giro bero-beroa sortu da bertan, gozamenerako tarte ederra eskainiz.

Jon Urbieta eta Julen Aizpurua, Eneko Maiz eta Julen Urruzolaren aurka lehiatu dira lehen partidan. Estu joan da norgehiagoka, eta ikusleek gozatu ederra hartu dute. Amaia Agirre eta Unai Mendizabalek egin dituzte botilero lanak.

Ondoren iritsi da arratsaldeko partida nagusia. Iñaki Lizaso billabonatarrak eta Jon Erasun zizurkildarrak osatu dute bikote urdina. Aurrean zituzten bi pilotari handi; Oinatz Bengoetxea eta Mikel Goñi. Txalo artean sartu dira pilotalekura eta norgehiagoka osoan zehar ez dira oihu, txalo eta animoak falta izan. Ikuskizun ederra eskaini dute lau pilotariek. 21. tantora berdinduta iritsi dira bi bikoteak, eta partida luzatzeko proposamena egin dute. Ikusleek pozik hartu dute berria, eta 25 tantora jokatu dute. Bengoetxea eta Goñi gailendu dira.

Emaitza zen gaurkoan gutxienekoa. Festa giroa, pilota, pilotariak, zaleak eta elkartearen urteurren handia ospatzea zen garrantzitsua eta helburu hori ezinhobeto lortuta geratu da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!