Zubimusu ikastolako ikasleen elkartasunezko ekimena

Irune Alfonso 2022ko mai. 4a, 11:16

Apirilaren 7an bigarren eskuko azoka antolatu zuten Zubimusu ikastolako ikasleek urte osoko proiektu baten amaierako lan moduan. Ikasle horietako asko, Amaia Agirreren ikasle izandakoak izanik, bertsolaria ikasgelara gonbidatu zuten, atzo, elkarrizketa izatera. Aiurrik Amaia Agirrerekin hitz egiteko aukera izan du. 

Zein da proiektua?

Hiru hilabeteko lanketa baten fruitu izan da azoka solidarioa, azkeneko lana. Diziplina arteko proiektua izan da; matematika, euskara, gaztelania, ingelesa, ingurunea...gai guztien artean, aurrera eraman duten proiektua. Ingurunearen kasuan, atzo azaldu zidatenez, bizi baldintzen gainean aritu dira lanean, hau da, bizi zaren edo jaio zaren  lurraldeak, lekuak eragiten duen eta baldintzak zenbat aldatzen diren aztertu dituzte. Bizitza duin bat aurrera ateratzeko modua ba ote dagoen aztertu dute, Senegal eta Euskal Herria alderatu dituzte bestek beste. Hortaz, horren inguruko lanak lantzen aritu dira;  Euskal Herria eta munduko beste zenbait lurralde erkatu eta beraien bizi baldintzak eta bertan bizi direnen larruan jartzeko ahalegina egin dute, enpatia eta elkartasun ariketa bat eginez. 

Baldintzei dagokionez, hizkuntza aldetik dituzten desberdintasunak, antzekotasunak aztertu dituzte, diglosia dagoen ala ez dagoen. Ekonomikoki zein diren baldintzak alderatu dituzte, ikasketak aurrera eramateko aukerak ikertu dituzte, ikastetxeen gertukotasuna eta baliabideak, mutil izan edo neska izan, etxe baldintzak eta kalitatea, soldatak, etorkizuna nola aurre ikusten den Europan eta Afrikan...gisa horretako gaiak landu eta ikertu dituzte. 

Enpatia eta elkartasun lan honek amaiera bat izan behar zuen, helburu jakin batekin eta elkartasun hori adierazteko zerbait antolatu beharra zeukatenez, hortik tiraka azoka solidarioa antolatu zuten Aspanogi elkartearentzat. 

Nolako izan zen bigarren eskuko azoka?

Seigarren mailako ikasleek euro bat eta bi euroren truke, erabiltzen ez dituzten liburu, joastailu, eta bestelako materialak eta gailuak jarrai zituzten salgai. Deialdia korreo elektroniko bidez zabaldu zuten eta ikastolako guraso guztiengana iritsi zen mezua. Apirilaren 7an antolatu zuten bigarren eskuko azoka, eta bi ordutan 514 euro lortzeko aukera izan zuten. Horretaz gain, kutxa bat ere jarri zuten gerturatutakoek nahi zuten borondatea eskaintzeko, eta hortik ere lortu zuten ekarria egitea Zubimusuko ikasle, irakasle eta gurasoek. 

Zergatik aukeratu dute Aspanogi elkartea?

Gaur egun seigarren mailan dauden ikasle hauek iaz nire ikasleak izan ziren bertsolaritzako gaian. Oso garbi zeukaten euren ideia. Jakitun dira, Villabonan Aspanogi elkarteko kide izan diren haurrak daudela, kasuak izan direla, eta ni idazkari  lanetan ari naizela dakitenez, beraien ikasgelara gonbidatu naute. Ordu eta erdiz galderak egin dizkidate, Aspanogiren ingurukoak; Aspanogik zein funtzio betetzen duen, zertan laguntzen duen, minbizidun haur baten prozesua zein izaten den, guraso elkartea noiz sortu zen, zein beharrei erantzuten dien gaur egun...Ondoren, argazki bat atera dugu guztiok elkarrekin, txekea jaso eta amaitzeko , egunen batean,  detailetxoren batekin joango naizela aipatu diet.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!