Udaleku irekietan izen ematea zabalik da gaurtik aurrera

Aiurri 2022ko mai. 11a, 10:02

Udaleku irekietan izena emateko interesa dutenek gaurtik maiatzaren 23ra bitarte izango dute  apuntatzeko aukera. Udalekuak, uztailaren 4tik 22ra bitartean izango dira HH2 eta LH4 arteko umeentzat. Astelehenetik ostiralera, 09.30ean egingo dute  hitzordua, eta, egurdiko 13:00ak arte. Gainera, 08:00-09:30 ordutegian goizeko zaintza zerbitzua ere eskainiko da aurten. 

 

Izen emateko, Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan joan behar da goizeko 08:00tatik 14:00 bitarte. Gaztelekuan ere izen emateko aukera izango da arratsaldez, 17:30etatik 19:30ak arte. Izen-emate orria behar bezala beteta eta sinatuta eman beharko da, haurraren osasun txartelaren fotokopia aurkeztearekin batera. Parte-hartzeari dagokionez, Amasa-Villabonan erroldatutako haurrek dute udaleku ireki hauetan parte hartzeko lehentasuna.  Herrian erroldatuta ez dauden haurrekin, aldiz, itxaron zerrenda bat sortuko da, eta, plaza libreak  geratuz gero, parte hartzeko aukera izango dute.

Kuotei dagokienez; Villabonan erroldatutako haur bakarra bada, 84,12 euro ordaindu beharko da, bi anai-arreba edo gehiago badira, aldiz, 44,17 euro. Villabonan erroldaturik ez daudenek, 126,18 euro bakarra izanez gero, bi anai-arreba edo gehiago badira, 66,24 euro ordaindu beharko da. 

Goizeko haurtxo zerbitzuan, Villabonan erroldatutako haur bakarra izanez gero, 20,45 euro. Bi anai-arreba baino gehiago badira 13,29 euro. Villabonan erroldaturik ez daudenek, banakako kuota 29,66 eurokoa izango da eta bi anai-arreba edo gehiago badira, 18,41 eurokoa. 

Amasa-Villabonako udalak, hobariak eskaintzen ditu udaleku irekietan parte hartzeko, horretarako; zerga ziurtagiria, edo bizikidetza unitateko kide guztien diru sarrreren ziuragiriak aurkeztu beharko dira izen-emateko garaian. 

Gurasoekin bilera, ekainaren 22an 

Urtero bezala, aurten ere Udaleku irikietan izena eman duten haurren gurasoei programa  aurkeztuko zaie aurrez. Bilera ekainaren 22an izango da, arratsaldeko 18:00etan, Gurea  antzokian.

Argibide gehiagorako zuretzat@villabona.eus edo gazteria@villabona.eus helbidera mezu  elektroniko bat idatzi. Bestela, 943 69 21 00 edo 943 69 47 84 telefono zenbakietara ere deitu  daiteke.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!