Jexuxa Mendizabal Bengoetxea zendu da

Irune Alfonso 2022ko mai. 24a, 11:00

Jexuxa besoak zabalik, 2021eko abenduaren 25eko omenaldian.

Ehun urte beteta zituen, eta pasa den abenduaren 25ean etxekoen eta bizilagunen omenalditxoa jaso zuen. Zizurkilgo Adunibar baserrian bizi ostean, azken urteak Villabonako Oriamendin eman zituen. Haren aldeko hileta-elizkizuna gaur arratsaldean izango da, Jesusen Bihotza elizan.

Jexuxa Mendizabal Bengoetxeak ehun urte bete zituen, abenduaren 25ean. Senideek eta bizilagunek ezusteko omenalditxoa egin zioten egun horretan, eta Aiurritik zabaldutako argazkiek eta bideoak zabalkunde handia izan zuten.

Jexuxaren egunerokoa, urtarrileko Aiurrin

Egunerokotasunean, familikoez inguratuta egotea gustatzen zaio eta bere seme-alabetako batek egunero pasatzen du arratsaldea berarekin. Etxean lasai pasatzen du eguna. Oso gogoko du telebistako lehiaketak ikustea eta bere herriaren eta ezagunen berri izatea. Sarri biloba eta birbiloben bisita jasotzen du eta ezerk ez du horrek bezainbeste pozten. Oso gutxitan irteten da kalera; ahalko lukeen arren, lasaiago dabil etxean. Ileapaindegira joateko eta noizbehinka familiarekin ospakizunen bat egiteko ateratzen da soilik. Alabaina, etxean ez du aspertzeko betarik izaten. Telebistako lehiaketak, hizki-zopak eta eskupilota partiduak ikusteaz gain, partxis jolasaren zaletu amorratua da. Ez du kale egiten egun bakar batean ere. Artista hutsa da horretan eta gutxik lortzen dute Jexuxa  irabaztea!

Bizitza lasaia egiten du eta oso gustoko du autonomia. Arduratzen dion gai nagusia bere familia da; denen egoeraren berri izan nahi du eta asko kezkatzen da beraiengatik. Bizitza aurrera joan da 100 urte hauetan, eta bizimodua asko aldatu dela nabaritzen du; askotan aipatzen dio familiari zeinen ezberdinak ziren gauzak Zizurkilgo Adunibar baserrian bizi zenean eta baita gerra garaian bizitako zailtasun guztiak ere. Zorionez, Jesuxak jakin izan du garai berrietara egokitzen. Jaio zen garaian jaiotzeko, moderna bat da. Berak dioen moduan, “geroz eta gehiago bizi, geroz eta gauza gehiago ikusi”. 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!