"Zuk ez duzu ordezkorik" ekimena Amasa-Villabonan

Aiurri 2022ko eka. 13a, 11:20

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren "Don´t be Dummy" edo "Zuk ez duzu ordezkorik" izeneko ekitaldi ibiltariek, trafiko-istripuak prebenitzeko helburua dute eta ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta izaten dira saioak. Hilaren 17an, ostirala, Villabonako Gurea Antzokian aurkeztuko dute bide-hezkuntza programa Villabonako Erniobea  institutoko eta Zubimusu ikastolako ikasleen aurrean. 

Eguerdiko 11:45ean hasiko da saioa, eta ekitaldian zehar hiru lagunek zuzenean testigantza pertsonalak kontatuko dituzte: Jon Olano (Villabonako suhiltzailea), Ibon Kortajarena (Villabonako udaltzainburua) eta Alaitz Arbilla (bizkarrezur-muineko lesioa duen neska). Bestalde, ekitaldian zehar testigantza gehiagoren bideoak ikusteko aukera egongo da: larrialdietan lan egiten duen medikua, trafiko-istripuek utzitako biktimak… Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barnea mugitzea lortzen da; bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia edukitzen dute.

Orain arte, Araba, Bizkaia de Gipuzkoako 60 udalerritan egon da programa eta dagoeneko 155 saio burutu dira, horietan 161 ikastetxe ezberdinek hartu dutelarik parte. Orotara, 30.000 ikusletik gora eduki ditu “Don’t be Dummy” programak eta 90 lekuko ausartu dira beraien esperientzia pertsonala kontatzera.

.

.

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!