Berrogeita hamar urte atzera, 1972ko uztailean, Munduko Xake txapelketa jokoan zen. Alde batetik, tituluaren defendatzaile Boris Spasski Sobietar Batasuneko ordezkaria. Haren erreinua zalantzan jartzera iritsi zen Bobby Fischer Amerikako Estatu Batuetako ordezkaria. Mendeko partida izenez definitu zen lehia hura. Gogorra bezain luzea izan zen, lehen partida 1972ko uztailaren 11n jokatu baitzen; azkena, berriz, abuztuaren 31n hasi zen. Fischerren garaipenak Sobietar Batasuneko 24 urteko erregealdiari amaiera eman zion.
Giro horretan sortu zen Villabonako Xake Joku Elkartea. 1972ko uztailaren 24an, gazte sutsu batzuk parrokian bildu ziren eta Villabonako egungo xake kluba sortu zuten. Beasaingo Alfil klubeko Jesus Maria Ezkayren aholkuak jaso zituzten hasierako garai haietan.
Berrogeita hamar urte beteko ditu Amasa-Villabonako Xake elkarteak. Ibilbidea osatzeko denbora asko da hori...
Halaxe da, bai, eta aurtengo jaietan zerbait berezia antolatu nahi dugu. Pentsa, elkartea Boris Spasski eta Bobby Fischeren arteko final ospetsua jokatutako garai berean sortu zen. Geroztik ehun jokalari baino gehiago pasa da gure elkartetik. Gipuzkoako xake elkarte zaharrenetarikoa da gurea, eta berrogeita hamar urte hauetan Gipuzkoako xakearen parte izan gara.
Egingo duzuen ekitaldiaren aurrerapenik egin daiteke?
Bai. Estatu mailan emakumezkoen mailan Sabrina Vega jokalari onena ekarriko dugu Villabonara. Kanariar uharteetakoa da eta zortzi aldiz izan da Espainiako txapelduna. 2017az geroztik ez da beste txapeldunik ezagutu estatu mailan. Berak irabazi ditu txapelketa horiek guztiak jarraian. Eta baita 2008an, 2012an eta 2015ean. Karpovi berari irabazi zion 2016an.
Gure elkarteko kide izan diren 25 jokalariren aurka ariko da uztailaren 24an, beteranoetatik hasi eta gaztetxoetaraino. Bera aukeratu dugu gure klubaren balioak ondoen islatzen dituen jokalaria delako. Uztailaren 30ean, berriz, Gipuzkoako talde onenekin batera Kataluniako xake talde bat ere etorriko da.
Zein da xakearen gaur egungo egoera? Gogoko duzen kirol jardunak ba al du etorkizunik?
Xakearen historiako unerik gozoenean gaudela esango nizuke. Harrigarria badirudi ere, munduan gehien egiten den kirola da. Interneti esker ikaragarri zabaldu da xakean jokatzeko aukera. Elkarrizketa hau egiten ari garen bitartean munduan milioika pertsona ari dira xakean internet bidez jokatzen, denbora errealean munduko edozein tokitatik jokatu daitekeelako.
Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.