Santioak 2022

Atari bizi lehiaketa abian da

Aiurri 2022ko eka. 23a, 12:08
2019.urteko Atari Biziko irabazleak

Bi urteko geldialdiaren ondoren, Udaleko Ingurumen sailak Atari Bizi lehiaketa abiarazi du berriro. Lehiaketa honen helburua herritar guztiek etxeko sarrera eta balkoiak era guztietako landareekin apaintzea da: loredun landareak, zuhaixkak, trepaderak eta abar. Aurtengo Santio jaietan ederrenak eta originalenak sarituko dira.

Udaleko Ingurumen sailaren ekimenak landareekiko errespetuzko jarrera berpiztea du helburu. Era berean, herritarrak etxeen itxuraz eta osasunaz arduratzea sustatu nahi du.

Uztailaren 12an epaimahaiko kideak herrian zehar
Lehiaketan parte hartzeko ez da aurrez izenik eman beharko, nahikoa izango da etxeko balkoia loreekin apaintzea. Horrela, uztailaren 12an epaimahaiko kideak herrian zehar ibiliko dira eta balkoietako eta terrazetako landareen kolorea, apaingarritasuna, itxura eta originaltasuna baloratuko dituzte. Aipatutako epaimahaia, Ingurumen zinegotziak eta udal teknikariak, eta Iratze Lorezaintza enpresako kideek osatuko dute.

Hiru sari, uztailaren 25ean
Atari Bizi lehiaketako sari banaketa uztailaren 25ean egingo da, Erreboteko plazan, Soka dantzaren ondoren. Irabazleari bi lagunentzako otordua eta herriko dendetan erosketak egiteko 150 euroko balea emango zaio. Bigarrenak eta hirugarrenak 100 euro eta 85 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, herriko dendetan erosketak egiteko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!