Santioak 2022

"Amasa-Villabonako eta inguruko artisauak ezagutarazi nahi ditugu, eta lan eta mundu desberdinak ikusarazi"

Irune Alfonso 2022ko uzt. 11a, 10:00

Susana Carretero, Virginia Ameztoy eta Helena Agell.

Etxeondo Fest Villabonan bizi eta lan egiten duten artisau disenatzaile talde batetik sortutako ekimena da. Uztailaren 24an eta 25ean jaialdi moduan egingo dute azoka. Susana Carretero, Virginia Ameztoy eta Helena Agell artisauei elkarrizketa.

Nahiz eta elkarrizketan hiru emakumerekin elkartu, proiektuaren sortzaileak bost dira; Mirari Errondosoro eta Maria Barrenak osatzen dute taldea. Egungo azoka ereduaren ordezko gunea bilatu nahi dute, ingurune natural eta hurbil batean euren lan egiteko modua ikusgarri egiteko helburuarekin.

"Egungo azoka-ereduaren ordezko gune bat bilatu nahi dugu". Zergatik eta zein da funtsa? Arrazoi berezirik etxeondon egiteko?

Susana Carretero: Hormigoiez inguratutako gune itxietan gaude ohituta azokak egin eta ikustera, herrigunean bizitzarik ez duen eremuetan hain zuzen. Guk gure artisau azoka leku berezi batean kokatu nahi genuen eta bertan ohiko azoka izateaz gain beste hainbat jarduera berezi egitea.

Virginia Ameztoy: Azokan parte hartuko duten artisau askok naturarekin harremana dauka nolabait; egurrak, landareak, zianotipiak, kosmetiko ekologikoak daude... egiten dugunak lekuarekin zerikusi handia du. Gainera, guri azokan sortzen den askatasun giro hori, asko gustatzen zaigu eta espazioak ere bere historia dauka.

Helena Agell: Santio jaietan herriko beste eremu batzuei ere bizitza eman nahi diegu, ezin du guztiak Errebote plazan zentratua egon, eta Etxeondo bezalako eremu natural bat txakurrak paseatzeko bakarrik erabili.

Ekimenaren sortzaileak bost zarete... azokan aldiz beste hainbat artisau izango dira. Eskualdeko jendea elkartu nahi izan duzue?

V.A.: Villabona eta inguruko artisauak ezagutarazi nahi ditugu, eta lan eta mundu desberdinak ikusarazi. Ikuslearentzat interesgarriagoa izango dela iruditzen zaigu.

S.C.: Bost bakarrik gara eta azoka itxura hartzea nahi badugu, bost sortzailerekin bakarrik oso xumea geratuko da. Horregatik, gonbidatu ditugu besteak, parkea handia da eta eremu hori bete nahi dugu.

Desfilea, mural kolektiboa, zortzi tailer desberdin… zer lortu nahi duzue hau guztiarekin?

Egiten duguna saltzen ari gara, hortaz lan prozesua ere hor barruan sartzen da eta alde hori ezagutarazi nahi dugu; jendeak ikus dezala lan egiteko erabiltzen ditugun prozesu guztiak. Villabona eta inguruan dagoen mundu kultural eta artistiko guztiari ikusgarritasuna ematea izango litzateke beste helburu bat, eta sinergia horiek sor daitezkeen espazio eta eremu baten beharra dugula adieraztea.

Zergatik Santio jaietan?

V.A.: Mundu guztia irteten den ospakizun garaia da. Gerora konturatu ginen programazio asko zegoela, baina, ez zaigu axola. Azoka interesatzen zaionari aurkituko du hurbiltzeko momentua.

H.A.: Hasieran, jardueraren bat edo beste egitea bakarrik pentsatzen genuen festetan, baina gero animatzen joan gara eta proiektu hau guztia sortu da.

S.C.: Alde komertzialari ere begiratu diogu. Gabonetan ikusi genuen egun handietan saltzen zela gehien, hau da, jende gehien biltzen zen egunetan, eta Villabonan jende gehien Santioetan biltzen da.

 

informazio gehiago: Etxeondo Fest webgunean, beraien instagram kontuan

Partehartzaileen zerrenda, iharduerak eta tailerrak

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!