"Lasterketa herrikoi bat antolatzeak elkartu gaitu, eta segida emateko asmoarekin gaude"

Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 10a, 07:00

Hassan Ait Chaou eta IƱigo Garcia Zabala Trikuharri Mendi lasterketako antolatzaile taldeko kideak dira.

Uztailaren 23rako antolatu dute Trikuharri Mendi Lasterketaren lehen edizioa, 18 eta 27 kilometroko bi ibilbiderekin. Hassan Ait Chaou eta Iñigo Garcia Zabala dira antolatzaileak.

Amasa-Villabona mendi lasterketa bat izango duen Euskal Herriko herrien mapan kokatuko da uztailaren 23tik aitzin. Antolatzaileek 400 korrikalariko langatik gertu egon nahi dute.

Nola hasi zineten Trikuharri mendi lasterketako antolakuntza lanetan, bikote?

Hassan Ait Chaou: Amasa-Villabonako Triatloi taldean bagabiltza hainbat lagun. Triatloi txiki bat egitekotan ginen pandemia aurretik. Urte batzuk generamatzan hizketan, mendi lasterketa bat egin behar genuela eta beste, baina pandemia dela, ez dela, azkenean urte honetan eman diogu benetako bultzada ekimenari.

Iñigo Garcia Zabala: Oker ez banago otsailean izan zen, Hassan eta biok entrenamendu bat egiten ari ginen, eta elkarri esan genion: ‘egingo al dugu aurten?’. Lanean hasi ginen, taldetxo bat sortu, eta aurrera. Hasiera hartan erraza zirudien antolaketak, baina eguna hurbildu ahala jabetu gara mila kontu lotu behar direla, eta nekeza egin zaigu xehetasun guztiak lotzea. Espero baino hobeto doa gauza, dena den.

H.A.C.: Gogotsu gaude, dena ondo doa, ilusio handia dugu, eta ea nola ateratzen den lasterketa.

Aste pare bat falta dira lasterketa egunerako. Zein sentsazio dituzue gaur-gaurkoz?

H.A.C.: Eguna iristeko gogoz nago, herriak nola erantzun duen jakiteko gogoarekin. Eta ea zer nolako giro sortzen den ikusi. Guk gure esku dagoena egin dugu, eta egingo dugu. Bazkaria ere egingo da Irrintzi elkartekoen eskutik proba bukatuta, eta ea ba, dena ondo ateratzen den.

I.G.Z.: Sarien kontua, kamisetak… badakigu azken bi aste hauek eromen handikoak izango direla, eta gauza guzti horiek lotzen ari gara.

Zenbat lagun aritu zarete lanean antolatzaile taldean?

I.G.Z.: Bost bat lagun edo. Lan banaketa egin genuen, eta hor ari da bakoitza, dagozkion arloak osatzen.

Zenbat ariko zarete, gutxi gorabehera, lasterketa egunean?

I.G.Z: Ehunen bat lagun edo. Lasterketa, zerbait bada, herrikoia izango da. Esan nahi da, laguntzaile horiek gabe ez litzatekeela posible izango mendi lasterketa bat antolatzea.

Bi ibilbide prestatu dituzue. 18 eta 27 kilometrokoak. Nolakoak dira?

H.A.C.: Amasa-Villabona eta Aiztondo bailaran Loatzo eta Uzturre dira mendi ezagunenak, baina guk kiku bat egin nahi izan diegu inguruko mendi guztiei, korrikalariek, edo proba ikustera datozenek ere mendi horiek ezagutu ditzaten. Guk ezagutzen ditugu, haietan barrena ibiltzen garelako entrenatzen, baina Kiriki, Arnabar, Munotsa eta beste ere famatu nahi genituzke. Ez dira mendi handiak, baina basatiak dira, xarma bereziko gailurrak, paraje ederrean daudenak.

Zeuek korritu behar al duzue?

H.A.C.: Ezin dugu, lana egin behar dugu… Non ez dakit, baina egun horretan zeregin ugari izango dugu: ibilbidea markatu, anoa puntuak hornitu, bazkarian lagundu… Beste batzuei utziko diegu korrika egiteko ardura.

I.G.Z.: Bazkariaz ari garela, aintzat hartu ez dela bakarrik korrika egingo dutenentzat izango. Ikusleek ere parte har dezakete bazkarian, eta hori horrela izanda jende asko elkartu daiteke mahai bueltan. Guk behar denean laguntzeko zeregina izanen dugu.

Lehen ekitaldia da aurtengoa, baina luze geratzeko asmoarekin hasi zarete.

I.G.Z.: Bai, ahal bada bai. Lehena hasiera baino ez da. Ziur nago zenbait kontutan kale egingo dugula, baina aztertuko ditugu lasterketa egin osteko egunetan, eta apuntatu 2023ari begira, akats horiek errepika ez daitezen. Lasterketa herrikoi bat antolatzeak elkartu gaitu, eta segida emateko asmoarekin gaude. Pentsatzen dugu hurrengo ekitaldiak antolatzea errazagoa izango dela, nola egiten den ikasiko dugulako.

H.A.C.: Jende askok lagundu gaitu: Aizkardi mendi taldekoek, Irrintzi elkartekoek, inguruko herrietako jende pilo batek, babesleek, Iñaki Gorostidi eskultoreak egin du garaileentzat eskultura… Mendi lasterketa bat egiteko grina sumatu dugu herrian.

Gauzak errazagoak izan al dira Hassan Ait Chaout-en moduko enbaxadore batekin, Iñigo?

I.G.Z.: Zalantzarik ez. Kartelean bere argazkia jarri dugu, pentsa. Hassan kirolari aparta da, ezaguna, baina horren gainetik pertsona bikaina dela esango nuke, eta hori Amasa-Villabonan eta herri askotan dakite. Euskal Herriak ikaragarri maite duen kirolaria da, eta Villabonakoa da.

Zorteko izan zaitezten, eskatu eguraldi ona uztailaren 23rako!

Biek: Hogei bat gradu eta eguzkitsu balego, ezin hobe.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!