Santioak 2022

Indarkeria matxistak ez du lekurik Amasa-Villabonan

Irune Alfonso 2022ko uzt. 6a, 10:19

Garagardo azoka eta Santio jaiak ate joka dira Amasa-Villabonan, horregatik, Akain eta Lurgatz Talde Feministek, udalarekin elkarlanean eraso matxistei aurre egiteko protokoloa osatu dute. Hilabeteetako lana izan dute herriko emakumeek eta jai-giro eta herri segurua nahi dute. 

Indarkeria matxista kasuen prebentziorako eta erasoren bat gertatuko balitz behar bezalako erantzunak artikulatzeko bitarteko bereziak jarriko dira martxan, garagardo azoka eta Santio Jaietan. 

Honakoak dira:

  • Puntu Morea "Indarkeria sexistarik gabeko gunea": uztailaren 24, 27 eta 29an 20:00tatik 23:00etara egongo da Malkar plazan. Bertan bi pertsona formatzaile aditu egongo dira eta materiala eta zerbitzua eskainiko dute.
  • Txoko morea, eskuhartzeko espazio segurua: Errota auzoa 4, behean dagoen lokala erabiliko da erasoren bat salatuz gero, biktimarekin lehen eskuhartzea egin ahal izateko espazio seguru gisa.
  • Telefonoa: 697 11 66 11 : Edozein indarkeria edo eraso matxista pairatu edo ikusi duten pertsonek, telefono honetara deitu ahal izango dute, eguneko 24 ordutan. WatsApp bidezko mezu edo audioak ere bidaltzeko aukera egongo da. Honekin berehalako laguntza lortu ahal izango du erasotuak.
  • Besoko morea eramango duten boluntarioak: Mugimendu feministako kide diren hainbat emakumek* besoko morea eramango dute eta beraiengana jo ahal izango da laguntza eskatzeko.
  • Indarkeria matxistaren kontrako gida: Indarkeria edo eraso matxista baten aurrean nola jokatu azaltzen duten kartelak eta pegatinak argitaratuko dira. Kartel eta pegatina horietan, jarraibide zehatzak agertuko dira. Kartel eta pegatina hauen kopuru handi bat itsatsiko da festa gunean, tabernetan, txosnetan etab.
  • Koordinazio taldea: Eraso edo indarkeria matxista kasuren bat gertatuko balitz, koordinazio taldea bilduko litzateke. Koordinazio gune honetan, Akaineko Lurgatzeko eta Udaleko ordezkariek parte hartuko dute eta bertan hartuko dira egoerari erantzuteko momentuko erabakiak.

 

Protokoloaren eskuorri, kartel  eta pegatinen diseinua aurrerago zabalduko da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!