Zer nolako giroa somatzen da herrian?
Urduritasuna nabaritzen da herrian, batez ere azken momentuko ñabardurak lotzen gabiltzanean. Santio jaiak, urtean zehar egindako elkarlana eta herrigintzatik sortutako fruitua dira niretzat. Gainera, esan dezaket, billabonatar askorentzat bezala, sentimenduz, santioak garagardo azokarekin hasten direla, hortaz, festa giro usaina ikaragarria da.
Zertan parte hartuko duzu?
Galdera zaila da niretzat, parte hartu nahi dudan ekintza guztietan parte hartzeko izugarrizko buruhaustea baitaukat, eta ez da broma. Ilusio eta gogo handiz nago hainbat ekintzetan parte hartzeko, hala nola, gaztetxeko egitarau alternatiboko ekintzak, Rozioa konpartsan, Kantari Kantujiran...
Azkenean, ekimenetan parte hartzen bakarrik ez, antolatzen ere buru-belarri aritu zara.
Gaztetasunetik sortuta eta gazteontzat sortuta Gaztetxean aritu gara egitarau alternatiboa sortuz. Onddo Gazte Asanbladako egitaraua bertako kide guztion artean erabakiz. Ekintza horien barruan, danborrada eta gazte eguna izango ditugu, baltsa jatsierarekin batera. Bi urte hauetan izandako geldialdiaren ostean, belaunaldi berriek parte hartuko dutela pentsatzen dut eta alde horretatik oso aberasgarria izango dela iruditzen zait. Gazte egunari dagokionez, oso egun berezia izaten da gazteontzat. Horren parte sentitzeak eta egun hori aurrera ateratzeko lan egitean asko asetzen nau.
Zein da zure egunik gustukoena?
Lehenengo egunak xarma berezia du, festen hasiera da eta zer esanik ez aurten; eguerditik hasiko gara jaiak ospatzen. Emozioz beteriko eguna iruditzen zait, gazte egunarekin batera. Bertan antolatzen ibili ondoren fruituak ikusteak berezi egiten du. Gazteri aktibo eta parte-hartzailea ikusteak zoriontsu egiten nau.
Festak gozatzeko egunak izanik, jai giro segurua bermatzeko osatu den protokoloan ere parte hartu duzu.
Garagardo azokan eta Santio Jaietan hartuko du lur protokoloak, baina, atzetik lan handia du honek, hilabeteetan zehar egindako lana azaleratuko dugu nolabait protokoloarekin. Amasa-Villabonako mugimendu feministak, jai-giroa ez du gune segurua bezala ulertzen neska gazteontzat, horregatik, ahalegindu gara ahalik eta eremu erosoena eta seguruena sortzen.
Egitarau Alternatiboa
Uztailak 24, igandea
12:16 Txupinazoa, Onddo plazan. Ondoren argazki herrikoia.
23:00 Danborrada. 22:30ean Zatorran.
01:02 DJ Fresa Morango.
Uztailak 27, Asteazkena
Gazte eguna
14:28 Gazte bazkaria, Onddo plazan. Ondoren, Gazte argazkia.
17:32 Orkestra eta jolasak
00:34 DJ Jotatxo.
Uztailak 29, kuadrilen eguna
00:04 DJ Fantasia.
Uztailak 30, larunbata
Erromeri eguna
00:28 DJ Zarata Selekta.
Uztailak 31, igandea
23:28 Karaokea.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.