“Ez dugu beldurrik izan nahi etxerako bidean, ez tabernan ezta komunera joatean ere. Ez dut etxera ondo iritsi naizen mezurik bidali nahi. Askatasuna nahi dugu. Errespetua. Espazioa”.
Mezua ozena da, eta argia. Eta eraso bakan batzuk gizarte osoa asaldatu dute, emakume askorengan beldurra eragin. Jaien amaiera triste eta gordina izan da gaurkoa, aurreko egun guztietan parte hartzea eta giroa aspaldi ez bezalakoa izaten ari zenean. Egun zailak izaten dira, eta oholtza gainetik bereziki gogoan hartu dituzte erasoak pairatu dituzten emakumeak: “Gure babes eta besarkadarik goxoena bidali nahi diegu erasoa pairatu duten emakumeei, haien familia eta lagunei. Zuekin eta zuentzat gaude”.
Azken bi gauetako egoera azaldu dute gaurko manifestuan, eta salatu dutenez “erasotzaile antolatu baten presentzia sumatzen zen”. Halaber, eta erasoak saiheste aldera eta emakumeen arteko babesa bermatu nahian, ostalaritzak izan zuen jokabidea eskertu dute: “Atzo emandako erantzuna izugarria izan zen. Herri oso bat mobilizatu zen minutu gutxian. Argi geratu da herri oso bat dagoela borrokan, indarkeria matxistaren aurka”.