"Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egiten die herritar guztiei indarkeria matxistaren aurka erne jarraitzeko eta erasoen aurrean bere gaitzespena adierazteko"

Aiurri 2022ko abu. 1a, 09:13

Aldundiak, adierazpen baten bidez, Santiotako sexu erasoak "irmoki salatu eta arbuiatu nahi ditu".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, azken orduotan Villabonako festen testuinguruan salatutako sexu erasoak irmoki salatu eta arbuiatu nahi ditu. Hain zuzen ere, Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Zizurkilen, larunbat goizaldean etxera bidean emakume bati sexu-erasoa egitea eta lapurreta egitea egotzita. Foru erakundeak elkartasun osoa eta babesa eskaini nahi dizkio sexu erasoa jasan zuen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Zizurkilgo Udalak gaur kaleratu duen adierazpenekin. Halako erasoen oinarri-oinarrian egiturazko arazo bat dago, gizon eta emakumeen berdintasun eza, alegia, nahiz emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.

Horregatik guztiagatik, indarkeria sexistarik gabeko jaiak nahi ditugula adierazten dugu, emakume guztiek aisialdiaz eta gizarte harremanez berdintasunean gozatu ahal izan dezaten, euren askatasunari eta duintasunari kalte egingo dieten jarrera eta mehatxurik gabe. Egungo testuinguruan, zeinetan gizartean aisialdirako eta ospakizunetarako ohiturak berreskuratzen ari den, indarkeria matxistaren aurkako mezua are eta irmotasun handiagoz zabaltzen dugu.

Era berean, foru erakundeak dei egiten die herritar guztiei indarkeria matxistaren aurka erne jarraitzeko eta eraso horien aurrean bere gaitzespena adierazteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!