Protokoloa osatzeagatik eta besoko moreak gau eta egun jantzita eramateagatik, hitz nazkagarriak entzun behar izan ditugu: "kontuz, orain ezingo zaituztegu ikutu ere egin..." hori entzun behar izan dugu. Hori entzun beharra izatea ere erasoa da niretzat. Noski ezetz! nire baimenik gabe nola ikutuko nauzu ba? amorragarria benetan.
Protokoloa eta besoko moreak zertarako? Argi geratu da, zergatik, eta zertarako. Indarkeria matxista behingoz argira ateratzeko, gure artean zaintzeko. Errepikatuko dut, behin eta berriro: festa giroa ez da segurua neska gazteontzt, emakume*ontzat.
2022ko Santio "jaiak", ospatzeko zegoen hori, zapuztuta. "Jaiak" amaitzeko irrikitan egotea emakume batek baina gehiagok sentitu dugu barru-barrutik aurten. Burua lehertzeko moduko "jaiak" izan dira. Haserrea, presioa, inpontentzia, tristura... Askorentzat, ez jaiak.
Eraso bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi... erasoak. Larria da, herri bateko biztanleri erdiak ezin lasai bizitzea hain kuttunak dituen bere herriko jaiak. Larria da, ezin aske juerga botatzea, ezin lagunekin eta familikoekin disfrutatzea. Biztanleria erdiak, ezin badu parranda egin, ezin badu lasai ospatu, ez dira jaiak ospatuko. Ez da juergarik izango. Larunbat gauean argi geratu zen. Hau ez da nire-gure festa. Ez dira gure Santio jaiak.
Miña sentitzen dut barru- barrutik, zuregatik ahizpa, gertukoa izan edo ez izan, laguna, edo ezezaguna izan. Zure zauria nirea da, eta nire indarra zurekin elkarbanatu nahi dut. Nire maitasun eta babes osoa zuri eskaini, esan genuen: "zuekin eta zuentzat gaude".
Hitz egin nahi baduzu, isilik geratu nahi baduzu, negarra egin nahi baduzu, oihu egin nahi baduzu, perreatu, edo arin-arina dantzatu nahi baduzu. Hemen naukazu.