Azoka berezia eta isats gisatu lehiaketa, larunbat honetan Villabonan

Irune Alfonso 2022ko ira. 15a, 10:00

Azoka berezia Errebote plazan izango da, goiz osoan zehar. Aurtengoarekin, 27 urte izango dira Irrintzi elkarteak fin-fin lanean diharduela antolaketa lanetan. Egun berezia izango da udalerrian, arratsaldean Amasan beste azoka bat izango baita.

Villabonako Errebote plazan izango da azoka 09:30etik-14:00etara

Bertan egingo da ere isats gisatuaren lehiaketa. Euskal Herriko txoko desberdinetatik elkartuko dira Villabonako plazan, eta bertan, artisau bakoitzak bere postua jarriko du.  Askotariko produktuak izango dira ikusgai eta salgai; hala nola, barazkiak, esnekiak, ogia, produktu ekologikoak...

Aurten, 29 postu jarriko dira, eta goizaren amaieran, parte hartzaileen artean hiru sari banatuko dira postu ederrenak saritzeko.

Azokarekin batera isats gisatuaren lehiaketa izango da. Aiztondo bailarako hainbat elkartek parte hartzen dute bertan, edizio honetan izen eman duten elkarteak: Irrintzi, Behar Zana, Urkamendi, eta Zunbeltz.

Kide bakoitzak euren elkartean prestatu beharko du isatsa eta ondoren, aurkezpena eta sari banaketa azokan bertan izango da. Mikel Borrego Irrintzi elkarteko kidearen iritziz, azokak xarma berezia eman dio herriari, "parte hartzea oso ona izaten da eta herriari eragin positiboa egiten dio, horrek asko errezten eta laguntzen du hurrengo urteetan errepikatzeko". Goiza ongi amaitzeko, bazkaria izango dute Irrintzi elkartean bertan.

Irailak 17

09:30-14:00 29 postu azokan. Isats gisatua lehiaketako partaideak: Irrintzi, Behar Zana, Urkamendi, eta Zunbeltz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!