Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztu dute Amasa-Villabonan

Irune Alfonso 2022ko ira. 16a, 09:22

Bost urteren ondoren, urte bat "extra" izan ostean, badator Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 24an hasi eta Abenduaren 18an amaituko da aurten, leku aldaketarekin, Navarra Arenan jokatuko da finala. 

Euskal Herri osoan eragiten ari den bilgunea da Bertsozale Elkartea eta pandemiako urte gogorrak pasata, bertsolaritza berpiztea eta bertsoplazak berriro hartzea da Bertsozale Elkarteko kideen helburua. Txapelketako talde antolatzaileko kidea den Gontzal Agotek Bertsolaritzak bizi izan duen egoera azaldu zuen lehenik ekitaldian " Kulturgintzarako urte zailak izan dira baina asko ikasi dugu, autoirakaskuntzaz, irudimenez..." eta gaur egungo egoeraren balorazioa helarazi zuen "orain, mendekua hartuko dugu  bertsoz-bertso, plazaz-plaza". 

Finalaren aurretik, aurtengo txapelketak 13 saio izango ditu 13 herri desberdinetan; Getxon hasi, Arrasate, Gortaine-Irabarne, Gasteiz, Donostia, Lizarra, Elizondo, Donibane Garazi, Irun, Durango, Amurrio, Baiona, eta Bilbo. Azkenik, Abenduaren 18an, Iruñean amaitzeko; aurtengo txapelketan 41 bertsolarik hartuko dute parte.

Aurkezpenean, nola ez, bertsoak ere izan du bere lekua; Irantzu Idoate eta Maddi Agirre aurtengo Eskolarte txapelduna eta txapeldunordeak, agurtu zuten saioa, Ondoren, Iruñerriko bertso-eskolako Beñat Astizek eta Lide Arrietak jarraitu zuten bertsotan, eta azkenik, Jon Maiak bertsolariei animo mezua helarazi zuen kantuan. Bestetik, Beatriz Egizabal aritu zen umorea ipiniz aurkezpen lanetan eta, txapelketak duen lanaren zailtasuna azaldu zuen beste gai batzuen artean. Gainera, gai-jarzaile eta epaile taldeetako Idoia Anzorandiak eta Nerea Bruñok ere hartu zuten hitza euren lanaren inguruan hitz batzuk esan eta eskerrak emateko.

Azkenik, Nerea Erbiti eta bere taldeak aurtengo sintonia primiziaz jo zuen, amaieran beste kantu batekin amaitzeko. Ekitaldiari amaiera borobila emateko katerina izan zuten bertaratu ziren guztiek.  

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!