Amasa-Vilabonako fruta dendek "Nire frutak zuretzat" kanpainan parte hartuko dute

Aiurri 2022ko ira. 21a, 11:29
Amasa-Villabonako udalak argitaratutako irudia

"Nire frutak zuretzat" kanpainaren aurkezpena egin zuten atzo, Tolosan; Amasa-Villabona, Ibarra, eta Tolosako fruta dendek.

Kanpainan parte hartuko duten fruta dendetaako ordezkariak ez ezik, Maite Arregi Amasa-Villabonako euskara teknikaria, Galtzaundi Euskara Taldea, UEMA, Ibarrako Udala, Ibarrako Merkatarien Elkartea, Tolosako Udala, Tolosa&Co, eta Oria Merkatari Elkartea izan ziren bertan. Amaia Doyague Galtzaundi Euskara Taldeko kideak eta Garikoitz Goikoetxea UEMAko kideak hartu zuten hitza. 

Parte hartuko duten 27 fruta denden hizkuntza paisaian, euskara presente egotea da kanpainaren helburu nagusia. Bide horretan laguntzeko, hainbat baliabide eta bitarteko eskaini zaizkie. Doyaguek aipatu zuen bezala: “Elikagaien ondoan jartzeko helburuarekin produktuen etiketak eta kartel informatiboak banatu dizkiegu. Kartel orokorrak, berriz, dendak eman beharreko informazioak euskaraz eman ahal izateko eskaini dira. Lehen etiketak banatzearekin batera antzeman dira aldaketak. Merkatari bakoitzarekin banakako lana egin eta bakoitzaren errealitatearen arabera, eman beharreko pausuak aztertu eta proposatu dira. Orain, gure fruta eta barazki askoren izenak euskaraz ere irakurri ditzakegu”.

Hizkunzaren ikuspegiari dagokionez, Goikoetxeak hartu zuen hitza"“Saltoki bateko erakusleihoko hizkuntza paisaiak, bezeroak hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen du. Gure eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara paisaia linguistikoan ikusteak, balioan jartzen du euskara. Garrantzitsua da euskarak geroz eta espazio gehiago hartzea”.

Azpimarratzekoa da, herritarrei begirako kanpaina honetan, herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dutela. Urriaren 3tik 28ra bitarte, parte hartuko duten 27 saltokietan barazki eta fruta sortak zozketatuko dira, gainera, kanpainaren funtsa biltzen duen spota ikusteko aukera izango da sare sozialetan eta Villabonako Gurea antzokian eta Tolosako zinema aretoan. 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!