“Isiltasunekin asko jolastu dut, isilpean eramaten baitugu askotan heriotza”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko aza. 2a, 07:29

Zinemaldiko korridoreak zeharkatu ditu lehen aldiz Nagore Muriel Letamendiak. Nest sailean, billabonatarraren “Erro bi” film laburra izan zen hautatua, 350 proiekturen artean.

Isilekoak ikus-entzunezko lengoaian argitara ematea du gustuko Nagore Muriel Letamendia billabonatarrak. Ikus-entzunezko ikasketak burutzeko egin beharreko proiektua Zinemaldiaren ateetara iritsi da, baita sartu ere. “Erro bi” du izena billabonatarraren film laburrak eta heriotza du abiapuntu. Zinema ikasleei bideratutako Nest Sailean aritu da lehian, nazioarteko beste hamahiru obraren alboan. Mikele Landa zinemagilearen “Noizko basoa” obrarekin batera, sailean euskarak tokia hartzen duen lehen aldia da.

Hasieran, gradua amaitzeko lan hutsala zena, Zinemaldiko Nest sailean hautatutako film labur bihurtu da. Nola jaso zenuen albistea?

Ohore handiz. Sekulako ilusioarekin jaso nuen, bat-batean ailegatu delako, espero gabe. Azken finean, esan bezala, Gradu Amaierako Lana egin nuen Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasketak bukatzeko, eta irakasleek Zinemaldiko Nest sailean aurkezteko aukera eman zidaten. 

Lana eginda nuenez, parte hartzea erabaki nuen, baina asmo edo itxaropen handirik gabe. 

Villabonako festetan ginela jaso nuen berria: izugarrizko poza, eta oraindik ez dut sinesten, lan akademiko bat Zinemaldian proiektatzea, eta, are gehiago, estreinatzea.

Pantaila handian zure lana ikustea ez zenuen inondik inora espero.

Horrek ere inpresioa eman dit, prozesua ordenagailuko pantailan izan delako.

Bertigoa ere eman al dizu?

Bai, handia. Ez dut esperientzia luzerik; unibertsitatean, askotariko praktikak egin ditugu, baina klaserako izan dira lan guztiak. Horrelako zerbait egiten dudan lehen aldia da, maitasun handiz egin dut. Izen asko daude Zinemaldian, izen handiak, eta jaialdiak berak ere ospea dauka. Beraz, ilusioa bai, baina baita urduritasuna ere, egindako lanari aitortza bat delako. Sentimendu asko nahastuta, izan ere, guztia berria da niretzat.

Amaiera bat du abiapuntu filmak, bizitzaren amaiera, heriotza.

Istorio osoa baserri batean kokatzen da, eta senarra, aita galdu duten familia bateko ama eta alaba dira pertsonaiak. Heriotza horri aurre egin behar diote: dolua, maiz, isilpean ematen den prozesua, eta nork bere erara bizi ohi du. Alabak ihes egiteko eta bide berri bati ekiteko beharra sentitzen du, baserriak etengabean aitaren irudia dakarkiolako gogora. Amak, ostera, beste modu batera sentitzen du, eta alaba gertu nahi du, elkarri dioten maitasun horretatik egiteko aurrera. Azkenean, bakoitzak bizipena eramateko modu ezberdinak dituela konturatuko da, eta guztiak direla onargarriak.

Nola laburtu horrelako gai potolo bat hamabi minututan?

Ez da erraza izan filmean heriotzaren harira sortzen diren sentimendu horiek guztiak biltzea, ez delako gauetik egunera amaitzen den prozesu bat. Isiltasunekin asko jolastu dut, isilpean eramaten baitugu askotan heriotza; garrantzi handia dute, ezinegona sortzen dute.

Gidoia idatzi, erabakiak hartu, zuzendaritza lanak egin… Non sentitu zara erosoen?

Gehien gozatu dudan unea filmazio momentua izan da, batez ere, aurretik egindako lan guztiak zentzua hartzen zuela ikusi nuelako, askotariko jendearekin harremana izan dudalako. Filmazio aurreko ekoizpenak denbora hartzen du, eta departamentuekin bilerak eduki behar dira. Hala, filmaketan guztiak batu gara. Bere konplexutasunak izan ditu, gauza guztien antzera, baina hori da gehien gozatu dudan unea.

Txanponaren beste aldean, zein izan da zuretzat erronka handiena?

Ekoizpeneko gidaritzaz ni neu arduratu naiz. Film labur bat gauzatzea ez da erraza: landatik bizi den baserri bat behar nuen, animaliak… Horrelako gauzak lortzea zaila izan da. Halaber, ikasle batek egindako Gradu Amaierako Lana izanda, gutxietsi egin da batzuetan proiektua, esate baterako, aktore-lanak egiteko jendea lotzeko ahaleginean.

Nola sentitzen da bat hamabi minututan hilabete luzetako lana ikustean?

Prozesu luzea izan da, esaterako, idazketa. Hasierako ideia itxura hartzen joan da pixkanaka, eta tutoreak lagundu dit; oso lagungarria da kanpo begirada bat izatea, oso sartuta dagoelako norbera proiektuan. Oso eskertuta nago.

Hortaz, lehen aldiz ikustean, beldurra sentitu nuen apur bat, ez zaudelako ziur gustura geldituko ote zaren egindakoarekin. Baina, era berean, pozgarria eta asegarria da.

Zinemaldiko Nest sailean, 44 herrialdetako 350 film laburretik, soilik, hamahiru lan hautatu dituzte. Gainera, lehen aldiz, bi proiektu egon dira euskaraz. Zurea, horietako bat. Esanguratsua datua, ezta?

Orain 21 urte ekin zitzaion sail horri, eta, euskarazko filmak izan diren lehen aldia da. Aukera ona da euskal zinemagileentzat. Zinemaldian presentzia irabazten ari da euskara, eta bide horretan jarraitu nahi baldin badugu, zinemagintza ikasten ari garenoi ahotsa eman beharko litzaiguke.

Geroz eta jende gehiagok eskatzen ditu euskarazko edukiak, baina lan handia dago egiteko, errealitatea oso bestelakoa delako; badira erdarazko edukiak sortzen dituzten euskaldunak. Zer hausnartua dago.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!