"Beldurra sartzen digute beren pribilegiotik, eta, ez dira jabetzen, gu, jada, beldurtuta joaten garela jaietara"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko urr. 7a, 07:16

Herriko festetan pairatzen diren indarkeriez eta horiei aurre egiteko erantzunez jardun dira Aiztondoko zenbait eragile feminista mahai-inguru batean. 

Aurtengo udan, Euskal Herrira itzuli dira festak. Hala, ospakizun betean murgildu zen bailara, ez, ostera, guztien gozamenerako, jai giroa arrotz, bortxa handiko espazio bihurtu baitzen askorentzat. Hortaz hausnartzeko, mahaiaren bueltan bildu ditu Aiurrik Akain talde feministako Irune Alfonso, Kristina Artola nahiz June Gurrutxaga, Lurgatz talde feministako Amagoia Eskudero, Susana Carretero zein Pauli Olano, Matti Navas Zizurkilgo berdintasun zinegotzia eta Libe Muguruza Asteasuko herritar laguntza sareko kidea. Protokoloaz, erasoez, gauaz, sinesgarritasunaz, erronkez, luze eta zabal. Bost orrialde, laburregi.

Laburpena, jarraian. Mahai-inguru osoa Aiurri hamaboskarian paperezko edizioan

(...)

Festak ohi bezala ospatzeko aukera izan da aurtengo udan. Zuen bailarako zenbait herritan, jai giroan murgildu zineten, baita antolakuntza-lanetan ere.

Libe Muguruza: Asteasuko festei begira, pandemia aurretik, taldea sortu zen herrian bertan, eta, 2019. urtean, oinarrizko protokoloa sortu genuen, une horretan genituen indarrekin zein baliabideekin. Aurten ere eutsi nahi izan diogu, baina lanketa sakonago batekin. Teknikari berria dago Asteasun; bere bitartez, udalarekin batera, protokolo bat osatu dugu, eta, horrez gain, sentsibilizazio-kanpaina gauzatu dugu. Zenbait tailer antolatu ditugu, prebentzio gisa: batetik, autodefentsa ikastaroa eman nuen nik emakumeekin, eta, teknikariak, ostera, gizonei zuzendutako tailerra. Gurasoekin ere bildu ginen. Halaber, telefono-zenbaki bat ipini genuen eskura, deiak artatzeko. Jaien aurretik, festa giroa bai, baina, era berean, beldurra eta ardura ere bazegoen.

Protokoloa egiteko beste herri batzuetakoak erabili genituen erreferentzia moduan, adibidez, Zizurkilgoa eta Hernanikoa. Aurten, Azpeitikoari ere erreparatu diogu, besteak beste.

Matti Navas: 2017. urtean egin zen Zizurkilen jaiei begirako lehen protokoloa. Orain dela gutxi, protokolo orokor bat egin behar genuela erabaki zen udalean, alegia, ez soilik jaiei begirakoa. Ikasturte eta erdiko prozesua izan zen eta Osakidetza, Ertzaintza bezalako erakundeek eta herriko eragileek hartu zuten parte. Jaiak iritsi baino lehen, guk protokoloa eginda genuen jada; egin behar izan dugun bakarra da 2017. urtekoa eta orokorra apur bat egokitu. Hala, lau eragileko talde bat osatu genuen: Akain, txosna batzordea, jai batzordea eta Zizurkilgo Udala. Ondorioz, adostu genuen, erasorik emanez gero, talde horretako kideek erabakiko zutela zer egin.

Protokolo orokorraren osaketan, tabernariei espresuki zuzendutako aparteko formakuntza egin zen, beren beharrak kontuan hartuta. Ondorioz, jaietan, bazekiten zer egin.

Irune Alfonso: Villabonan, herriak kontzientzia har zezan nahi genuen. Horrela, hainbat tailer egin genituen: autodefentsa, emakumeei zuzendua, izan ere, gure egunerokoan emakumeok jasaten dugun indarkeriari nola erantzun landu nahi genuen. Bestalde, maskulinitatea deseraikitzeko tailerra antolatu genuen gizonentzat, beren pribilegioei buruz hausnar zezaten.

June Gurrutxaga: Aipatutako tailer horiek aditu-taldeek eman zituzten, beren artean koordinatuta, Emagin (autodefentsa feminista) eta Eihera (gizontasuna deseraiki). Gure herrian, Akain nahiz Lurgatz talde feministek Villabonako Udalarekin batera osatu dugu protokoloa. Prozesu sakona izan da, denbora luze eman digu.

Asteasun bezala, guk ere hartu genituen beste herrietako protokoloak; horietan oinarriturik, premien arabera, gurea sortu genuen.

Irune Alfonso: Horrez gain, bideo bat egin genuen, jendeak hausnar zezan eta indarkeria gisa identifikatu zitzan jendartean hain ikusgarriak ez diren erasoak.

(...)

Beldur horren harira, zein da etxeetan seme-alabei mahaigaineratu zaien mezua?

Matti Navas: Etxe batean, haurra jaiotzen denetik egin behar da lanketa. Baina festara ateratzeko unea ailegatzen denean, ez dut alaba odoletan sartuko marrazoen inguruan. Semeari, ostera, jarrera desegokiak ez izateko esaten ez badiogu, jai daukagu. 12-16 urteko mutilak nazkatu dira guri, emakumeoi, entzuteaz horrela ez dela ligatzen, gizon heterosexual baten ahotik entzuteko beharra dute.

Amagoia Eskudero: Sabaletik atera eta “neska, emakumea zara” esaten dizuten momentutik, mezu bat zabaltzen zaizu: “Bortxatua izateko arriskua daukazu”. Bada, horren aurrean goazen prestatzera. Baina batzuen pribilegioak hor mantendu nahi dira, eta ez da interesatzen.

Kristina Artola: Nire ustez, Villabonan, uztailaren 30an, neska guztiak, “ez gelditu inoiz bakarrik” mezuarekin irten ziren etxetik. Aldiz, mutilak, “ez utzi inoiz neska bat bakarrik”.

Matti Navas: Beldurra sartzen digute beren pribilegiotik, eta, ez dira jabetzen, gu, jada, beldurtuta joaten garela.

Amagoia Eskudero: Niretzat akatsa da “babestu emakumeak” mezua bidaltzea. Mutil gazteek, ondoren, gaizki hartzen dute beren laguntza ukatzen dugunean, mezu hori eman zaielako, lagundu egin behar dutela. Jaso behar duten mezua “egin aurre eta ez utzi” da.

Matti Navas: “Babestu” aditzean, bat goran eta beste bat behean dago.

Susana Carretero: Paternalismoan erortzen gara eta ez dugu aurrera egiten.

Libe Muguruza: Horren harira, Emaginek pegatina bat atera zuen: “Protokoloa eraso baten aurrean: ez bortxatu, ez erasotu, ez ziztatu. Zu zara egoeraren erantzule”.

Badaude bilera ez mistoak, festa ez mistoak... Espazio batzuk nahi eta sortu behar ditugu guztiok eroso egoteko, baina, aldi berean, festagune batek guztiontzat izatea lortu behar dugu.

Matti Navas: Zenbaitek mundu mistoan bizitzea erabaki dugu. Heterosexuala baldin bazara, eta, zure ingurua, kuadrilla, eskola, mistoa baldin bada, jaia ere mistoa izango da. Agian, iritsi behar du momenturen bat beraiek konturatu daitezen.

Amagoia Eskudero: Beste faktoreetako bat informazio ere bada. Zenbateraino garen jakitun eraso bat identifikatzen edo ez. Lanketa izugarria dago egiteko hor. Erasoak ez identifikatzean zaila da gauzak aurrera eramatea, izan ere, ematen du guztiaren aurka zoazela. Muina erasoak identifikatzean dago, eta benetan zer nahi dugun lortu eta zertara goazen jakitean.

(...)

Atzera begira, zein zaporez amaitu zenuten uda, zuen eskualdeko jaiei dagokionez?

Matti Navas: Baikorra izango naiz. Udan, horrenbeste beldur hautematen zen jaietan ematen ari ziren eraso eta beste istorio guztiekin, Euskal Herriko jaiak pikutara joan behar zirela ematen zuela. Orain, ziztadak beste plano batean geratu dira. Zizurkilen zerbait gertatuko zela pentsatzen nuen nik, ez dut gezurrik esango. Baina jaiak igaro dira, eta, ez. Hala ere, bortxaketa bat egotearekin balantzeak ezin du positiboa izan. Hori garbi dago. Baina ikusita gertatu den guztia...

Bestalde, bada, noizbait, mahaigaineratu beharreko gaia: jaietan, eraso asko etxe barruan gertatzen dira, eta, horien berri, bide ofizialetatik izaten dugu, hiruzpalau hilabete beranduago. Bikotea etxera mozkorra iristen da, eta erasotu egiten zaitu; gehienez, bizilaguna konturatuko da, eta horrelako egoerak asko eta asko gertatzen dira.

Susana Carretero: Nik alde negatiboa ikusten dut. Lehen, tradizioaz hitz egiten aritu garenez, ez da ezer aldatzen. Programazioak ikusten baditugu, etorri diren musika-taldeak eta abar, ez da ezer aldatu. Betikoak gaude, aurrerapausuak ematen ditugu, baina ildo beretik doa guztia.

Kristina Artola: Villabonakoa gertatu ondoren, eta momentuko estutasuna eta amorrua alde batera utzita, lanketa txiki bat egin eta hamabost urteko neska gazteak feminismora gerturatzeko unea dela uste dugu. Kontzientzia hartu dute eta aprobetxatu egin behar dugu indarra hartu eta sarea osatzeko.

June Gurrutxaga: Bi urte geldi egon garela eman arren, lana egin dugu. Feminismoak aurten izan duen presentzia bezalakorik ez dut inoiz ikusi festetan, eta protokoloari ere berebiziko garrantzia eman zaio.

Libe Muguruza: Niri hiru hitz etorri zaizkit burura, lehenik, gogorra; azkenean, gertatu diren gauza guztiekin, guztia ilun ikusten nuen. Bigarrenik, irakaspena; beste eraso mota bat izan dugu eta hortatik bestelako persprektiba bat ikasi dugu. Azkenik, harrotasuna, ikustea festa guztietan protokoloa dagoela, herrian bertan eragina dugula eta jakitea herriak eragin hori eskatu egiten duela.

Etorkizunari dagokionez, tokikotasunetik, zeri begira zaudete?

Irune Alfonso: Akain Aiztondoko pertsonei begira egon da, eta ildo horretatik jarraitu nahi dugu, emakumeok jasaten ditugun erasoez informatzen.

Susana Carretero: Lan handia dago egiteko...

Matti Navas: Nork bere herrian gauzak egingo ditu, baina, martxoak 8 eta azaroak 25ari begira, denon artean Aiztondoko argazkia atera eta lan bateratua egitea lortu dugu.

Pauli Olano: Lurgatz Sos Arrazakeriarekin elkarlanean hasiko da. Zaintzaileak diren emakume gehienak atzerritarrak dira eta saretzea lortu nahi dute.

Matti Navas: Hala ere, gazte belaunaldian dago etorkizuna. Oso garrantzitsua da lekukoa ematea.

 

Mahai-inguru osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!