"Ilusio handiz eraikitako aisialdi elkartea da Irrika"

Irune Alfonso 2022ko urr. 22a, 09:41

Aisialdi elkarte berria sortu da Aiztondo bailaran. "Irrika" izena jarri diote taldekideek eta askotariko ekintzak egiteko asmotan abiatu dute, berriki, proiektua. Irrikaz irriak ateratzeko irrikitan daude. Jaraian, elkarteko sustatzaileei elkarrizketa.

Zer da Irrika Aisialdi elkartea?

Ilusio handiz eraikitako aisialdi elkartea da, talde motore eta begirale gazteez osatuta. Aiztondo bailarako haur, nerabe eta gazteei zuzendua dago, beraien aisia eta denbora librea asebetetzeko asmoz. Aiztondo bailarako 8-16 urte bitartean parte hartu nahi duen pertsona oro ongi etorria izango da taldean. 

Zergatik sortu duzue Aisialdi elkartea?

Talde honetako partaideek, iraganean, aisialdi taldeetan, izan duten esperientzia polit, aberasgarri eta emozionala dela eta, belaunaldi berriei horrelako esperientziak emateko desiotik sortu da. Aisialdi taldeak guri emandako guztia orain guk eman nahi diegu gazteei. Aiztondoko gazteek aisialdi talde baten partaide izatearen esperientzia eta bizipena izatea nahi dugu. Horrela sortu da Irrika Aisialdi elkartea. IRRIKAZ, IRRIA taldean bertan eta bailarari zabaltzeko gogoz. Elkarte honen helburu nagusia bailarako gazteei aisi osasuntsu eta aberasgarri bat bermatzea izango da, ekintza ezberdinen bitartez, elkarbizitzarako balioak helarazteko.

Aisiaren egoera nola ikusten duzue bailaran? Haurrek aisiaz disfrutatzeko aukerarik ba al dute?

Irrika ideia soil bat zenean, herriko gazte eta horien familiei galdetegi bat pasatzea erabaki genuen, informazioa biltzeko asmoz, eta, era berean, aisialdi elkarte baten beharra identifikatzen zen ala ez ikusteko. Egia da, egun, gazteak ekintza edo eskolaz kanpoko jardueretan murgilduta daudela egunerokotasunean. Ordea, errutina horretatik kanpo gelditzen direnean, antolaketarik gabe, gazteen gehiengoa galdurik sentitzen da bere aisi denboran. Galdetegian jasotakoa laburbilduz, honako hauxe izan da ondorioa: lagunekin egon arren, aspertu egiten direla diote, zer egin ez dakitela. Zer desio duten galdetzean, lagunekin egotea, momentu eta bizipenak elkarbanatzea, ekintza ezberdinak egitea eta jolastea nahi dutela diote. Beraz, hemen dator Irrika egoera honi aurre egiteko!

Nolako dinamika izango du elkarteak?

Dinamika begirale eta gazte taldearen araberakoa izango da, malgua, suertatzen diren beharrei egokitua. Hasiera batetan, bi astez behin biltzeko asmoa du elkarteak, haurrek ostegun eta ostiral arratsaldetan edo larunbat goizetan izena emateko aukera izango dute.

Zenbait ekintza herrian egingo dira, ordea, oso aberatsa izango da gazteentzat ingurua eta beste hainbat baliabide eta eremu ezagutzea, egunerokotasunetik eta gure konfort gunetik at egiteko, norbere burua ere beste espazioetan ezagutu eta esperimentatzeko nahiaz.

Nola dago osatuta taldea?

Begirale, begirale ohiez eta boluntarioez osatuta dago taldea, baina proiektu honetan sinisten duen eta parte hartu nahi duen herritar oro ongi etorria da.

Nola animatuko zenituzkete bailarako herritarrak zuek ezagutzera?

Oraintxe gure berri izateko biderik errazena sare sozialetan jarraitzea da, bertan, gure informazioa eta berri guztiak aurki daitezke. Gaur egun sare sozialak dira gure erreminta nagusia.

 

Sare sozialak: www.instagram.com/irrikagara/

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!