Indarkeria sexistaren aurkako V.topaketa, Matazak elkartearen eskutik

Irune Alfonso 2022ko urr. 19a, 10:08

Larunbat honetan, Matazak elkarteak Indarkeria sexistaren aurkako V.topaketa egingo du  Amasa-Villabonan. Gurea antzokian antolatu dute topaketa, eta aurtengo edizioan "Genero desberdintasunek emakumeen osasunean duten eragina" izango dute ardatz. 

Emakumeen osasunaren inguruko genero-ikuspegia landuko dute jardunaldian zehar eta, horretarako, hainbat hizlari iango dira euren jakintza-eremutik hau da, osasun arlotik, feminismoaren ibilbidea aztertuko dutenak. Zaintzak eta generoak osasunean duten eragina ere izango da mintzagai, eta era berean, osasun-sisteman emakumeak subjektu aktibo eta ez-pasibo gisa aitortzeko beharra ere aztertuko da. Gainera, Generoen alborapenak, ikuspuntu androzentrikoa eta genero isuriak adimen artifizialean ere jorratuko dira. Goizeko 09:00etatik 14:00etara ateak zabalik izango dira Gurea antzokian eta gerturatu ezin duenarentzat, on line jarraitzeko aukera izango du; horretarako, interesa duenak izena eman beharko du encuentrofeministamadejas@gmail.com helbidean. Aurrez aurre azaltzeko asmoa dutenek ere izen-abizenak bidali beharko dituzte helbide horretara.

Jardunaldia amaitzeko, Matazetako IV.Sari Feminista banatuko da, liburuak eta Nobel Run jokoa zozketatzearekin batera. 

Topaketaren aurretik, motorrak berotzeko, ostiralean, hilaren 21ean "Nuestros cuerpos, nuestras vidas" izenburupean literatur tailerra izango dute,  Josune Muñoz filosofoaren eskutik Gurea antzokian. Arratsaldeko 18:30etatik 20:30era izango da, eta kasu honetan ere, Gurea antzokitik edo streaming bidez parte hartu daiteke encuentrofeministamadejas@gmail.com helbidean aurrez izena emanez gero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!