LGTBI+ pertsonen bizitza duinak bermatzeko plana abiatuko du Udalak

Aiurri 2022ko urr. 27a, 12:28

Udalaren argazkia

Ekainaren 28ko LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren baitan, Udaleko ordezkaritzan dauden alderdi politiko guztiek kolektiboaren eskubideak aldarrikatu zituzten Osoko Bilkuran. Aldi berean, LGTBI+ komunitatea osatzen duten pertsonek Amasa-Villabonan bizi duten egoera ezagutzeko eta ondoren ekintza plan bat abiatzeko konpromisoa hartu zuten. Horri horrela, diagnostikoa egiteko Eihera Kooperatibak aurkeztutako proiektua onartu da. 

Amasa-Villabonako udalak herritar guztien askatasuna eta eskubideak bermatu nahi ditu eta horretarako inolako lanean jarraitzeko asmotan dabiltza. Zentzu horretan, funtsezkoa da sexu-orientazio edota genero-identitateari buruzko aurreiritziak eta estereotipoak zokoratu eta ezabatzea, egiazko berdintasuna lortzeko urrats sendoak emanez. Eihera Kooperatibako ordezkaria den Iñigo Etxezarretak nabarmendu duen moduan “Azken urteetako LGTBI+ mugimenduaren gorakada, eta mugimendu feministaren lanari esker, kolektibo ezberdinen behar eta aldarrikapenak plaza publikora eta agenda politikoaren erdigunera ekartzea lortu da, eta hori ezinbestekoa den arren, instituzio gehienek ez dute arreta gehiegi jarri LGTBI+ pertsonen errealitatean”.

Horrela, Villabonako udalak eta Eihera Kooperatibak elkarlanean, herriko LGTBI+ pertsonen bizi
baldintzak hobetzeko neurri eta politika publikoen diseinuari ekingo diote. LGTBI+ pertsonen bizitzak hobetzeko neurri, esku-hartze eta ideia ezberdinen bateria sortzea izango da Eihera Kooperatibaren zeregin nagusia, jarraian, ondorio horiek modu autonomo eta ordenatuan aplikatzeko. Ibilbideak fase ezberdinak izango ditu: hasteko, herriko LGTBI+ pertsona, eragile feminista, elkarte eta norbanako ezberdinekin bilduko dira Eiherako teknikariak, kolektiboaren behar, aldarrikapen eta ikuspegi ezberdinei arreta berezia jartzeko. Ondoren, udaleko sail ezberdinekin lan-saio ezberdinak ere burutuko dira, administrazioaren barruan dauden muga, zailtasun eta aukerak arakatzeko. Azkenik, egindako ibilbidearen berri eman, eta sortutako neurri eta politiken aurkezpena egingo da.

Egitasmo hau behar bezala garatu dadin, ezinbestekoa izango da LGTBI+ kolektiboa osatzen duten herritarren bizipenak, iritziak eta errealitateak jasotzea. Beraz, prozesu honetan beren ekarpena egiteraanimatu nahi ditu Udalak. Horretarako, nahikoa izango da eihera@eihera.eus e-mail helbidera mezu bat idaztea, edo 623 30 71 59 telefono zenbakira deitzea. Ekarpenak guztiz anonimoak izango dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!