"Garrantzia handikoa da billabonatarren testigantzak jasotzea"

Jon Ander Ubeda 2022ko aza. 8a, 07:25
Amasa-Villabonako azterlanaren arduraduna izan da Javier Buces.

Udaleko Memoria eta Bizikidetza taldeak eskatuta, Aranzadi elkartea XX. mendeko hainbat gatazkatan izan diren kasuak aztertzen aritu da. Javier Buces ikertzaileak hitzaldia eskaini zuen Gurean.

“Bi urte daramatzagu lanean Amasa-Villabonan, helburu nagusi batekin: 1936ko Gerratik hona, giza eskubideen urraketa larriak izen-abizenekin identifikatzea. Zergatik? Iraganean zer gertatu zen jakitea gu guztion eskubidea delako. Herritarrek egia jakiteko eskubide osoa dute. Izan ere, egiarik gabe ezin da justiziarik edo erreparaziorik eskatu”.

Egia, justizia eta erreparazioa. Makina bat bider entzun dugu hedabideetan hiruko terminologia potoloa bere soinean daraman eskaera. Politikoak, biktimak, elkarteetako ordezkariak… Bucesek eskaera horri tiraka osatu zuen Gurean emandako hitzaldia. Egia jakin beharra dago, horixe bere tesi nagusia. Ondoren, justizia eta erreparazioa eskatu ahal izateko. Baina abiapuntua beti ere egian jarrita. Bestela esanda, iraganean gertatu zenaren dokumentazioa eta lekukotzak jasoz.

Gureako hitzaldiraino iritsi aurretik, ibilbidea aipatu beharra dago. Izan ere, Udalean, bada memoria eta bizikidetzari zuzendutako batzordea. 2016tik hona ari da lanean, eta bertako kide dira Udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak. Javier Bucesek gogoan hartu nahi izan zituen partaide guztiak. Hots, Beatriz Unzue Esnaola alkatea, Xabat Laborde Etxabe (EH Bildu), Patxi Aguirre Arrizabalaga (EAJ-PNV) eta Maria Luisa Arija Soutullo (PSE-EE).

Eta, Amasa-Villabonan, zer?

“211 biktima identifikatu ditugu, biktima bakoitzari fitxa sortu diogu eta, dagoeneko, Villabona.eus webgunean daude ikusgai. Webguneko artxiboa dinamikoa da, hilabetero aldatzen baitugu. Egun, azken bi urtetan egindako lana ikusgai dago”. Haritza kultur elkartearen lana azpimarratu zuen, “gerra eta gerra osteko errepresioaren lanak argitara eman zituelako. Lan bat eginda utzi zuen. Kasu batzuetan, informazio berria erantsi dugu, baina ez gara zerotik hasi. Osaketa lan horretan, askotariko artxiboak kontsultatu ditugu, batez ere, militarrak: Ferroleko artxiboetan Gerra kontseilu guztiak daude, Alcalan espetxe-fitxak kontsulta daitezke”.

211 biktimatik, 118 gerra eta lehen frankismokoak dira. Gertuko oroimenarekin lotuta, 93 biktima identifikatu ditugu: “Elkarrizketa gutxi lortu ditugu, baina ondo goaz. Erradiografia ona lortu dugula uste dut. Baina lanean jarraitu beharra dago. Garrantzia handikoa da billabonatarren testigantzak jasotzea. Biolentzia identifikatu nahi badugu, baina denbora pasatzen uzten badugu, galdu egingo dira testigantza horiek. Ez badugu orain egiten, gero ez dira existituko. Datuak behar ditugu gertatu zen horrek forma eta indarra har dezan”.

Egia, justizia eta erreparazioaren ariketa horretan, ikerlariari posizioa hartzea eskatu izan diote. Eta hortxe hasten da historialariaren muga, eta bereziki haren betebeharraren muga. “Honaino iritsita, eta egia aztertuta, guk ikerlariok esan behar dugu hau edo hura gaizki egon zela? Guk esan behar dugu hori? Horretarako gaude? Hau diot zeren eta batzuetan antzeko eskaerak jaso ditugu, eta ez bereziki herritarren artetik. Gure zeregina ez da iraganeko gertaera haiek epaitzea. Iraganaren erradiografia bat egiteko gaude. Egia, justizia eta erreparazioaren azterlanean gure lana lehen pauso horretan amaitzen da. Tokian tokiko erradiografia egin dugu, biktimen zerrendaren identifikazioa aurkeztuz eta sailkatuz. Iraganaren epaia ematea ez da gure lana”. 

Argazki-erakusketa

"Bizikidetzarako memoria" izeneko argazki-erakusketa. Dartorren azaroaren 10era bitarte zabalik izango da, 18:00tatik 20:30era.

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!