Iguaranek zail samar dauka finalean sartzea, Amurrioko saioaren ostean

Aiurri 2022ko aza. 21a, 18:39
Oihana Iguaran Amurrion, larunbatean (argazkia: Bertsozale.eus)

Oihana Iguaran hirugarren geratu zen Amurrion larunbatean 1.250 ikusleren aurrean jokatu zen finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioan. Alaia Martin eta Aitor Bizkarraren atzetik geratu zen 632,5 punturekin, eta hurrena Baionan eta Bilbon jokatzekoak diren beste bi saioetan beste bertsolariek egiten dutenaren zai egotea egokitzen zaio. Egia esan, zail jarri zaio finalean sartzea nahiz eta Amurrion saio txukuna egin eta bertsokera propioa daukan bertsolaria dela erakutsi beste behin.

 

Hona Amurrion seikoteak lortutako puntuaketa: Alaia Martin, Aitor Bizkarra (651,5), Oihana Iguaran (632,5), Onintza Enbeita (632,5), Agin Laburu (624), eta, Miren Artetxe (595,5).

Saioa amaitu ostean Bertsoa.eus telebistaren kameraren aurrean, Euskal Herriko bertsolari Txapelketan orain arte egindako ibilbideari erreparatu zion, eta egia esan, balorazio gazi-gozoa egin zen. “esango nuke saiatu naizela, apustuak egin ditudala eta nire helburuak zabaldu ditudala bertsolari bezala, batez ere duela bost urte oso kolokan sentitzen bainintzen oholtzan. Uste dut orain lortu dudala sinestea eta zutik eustea, eta hor kokatzea. Posible zela aurrera jarraitzea, eta nik sartu dut hanka. Eta orain digestio luzea eskatuko dit horri buelta emateak”.

 

Zenbait bertso-ale

Txukun aritu zen Iguaran orohar, eta batik bat azpimarratzekoak dira zenbait ariketetan erakutsitako maila, soberan erakusten dutenak bertsogintzaren plazan lortua duela bertsokera eta estilo propioa.

Zortziko txikiko eta ganbarako saioetan sentitu zela gustuen aitortu zuen Iguaranek berak egindako lehen balorazioan, eta horiengana bidera ditzagun begiak bereziki (saioko ariketa guztiak Bertsozale Elkartearen atarian ikus litezke).

Horrela, zortziko txikiko ariketa Alaia Martinekin batera osatu zuen, honako gaia jarrita: “Oihana, autoa aparkatzen ari zarela, Alaia espaloitik hasi zaizu keinuka, laguntzeko asmoz. Aurpegi txarra ipini diozun arren, tematuta jarraitu du Alaiak. Oihana, azkenean kasu egin diozu, eta eta lehenengo oharrarekin batera, atzeko autoari kolpe handia eman diozu”.

Ganbarako ariketan “Gaur arte ez zara ausartu. Oraingoan, erantzun egin duzu” gaia ipinita, senarraren mendean bizi den emakumearen larrutan kantatu zituen hiru bertsoak entzungarriak dira oso.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!