Beatriz Unzue EH Bilduko alkategaia izango da

Aiurri 2022ko abe. 14a, 10:49

Beatriz Unzue Esnaola izango da Amasa-Villabonako EH Bilduren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan. Herriko militantziak, bilkideek zein oinarri sozialak aho batez babestu du Beatriz Unzue-ren hautagaitza  aukeraketa prozesuan EH Bilduk egindako barne prozesuan. Hautagaitza publikoki aurkezteko ekitaldia izango da abenduaren 23an arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Berdura plazan.

Aukeraketa prozesuan, Amasa-Villabonako mahai politikoak eta hautezkunde batzordeak proposatu zuen Beatriz Unzue izateko berriro ere zerrendaburu eta alkategai. Pasa den azaroaren 30ean Subijana etxean egindako Herri Batzarrean proposamena onartu eta berretsi zen parte hartu zuten bilkide zein herritarren adostasunean. 

Beatriz Unzue Esnaola egungo Amasa-Villabonako alkatea da eta beste lau urtez udalean lanean jarraitzeko eta hasitako bideari jarraipena emateko gogoz dagoela adierazi du "gauza asko egin ditugu baina beste egitasmo asko ditugu martxan, eta horiek aurera atera nahi nituzke EH Bilduko udal taldearekin batera".

Jada martxan dira Amasa-Villabonako EH Bilduko hauteskunde batzordeak sortutako lan taldeak eta datozen aste eta hilabeteetan hautagaien zerrenda eta herri programa osatzen arituko dira. Horretarako, herritarren ekarpenak jasoko dira EH Bilduk aitotu duenez, ezinbestekoa baita herritarrei zuzenean entzutea gaizki egindakoak konpondu eta aurrera begira, herri programako egitasmoak definitzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!