846 ekimena, presoen eskubideen alde

Irune Alfonso 2022ko abe. 23a, 23:10

846 ekimenean parte hartuko duten kideak aurreko ostiralean elkartu ziren, Amasa-Villabonan.

Aiztondo aldeko herritar talde batek furgonetan bizikletak sartu eta Paris aldeko bidea hartuko dute, abenduaren 25ean. "846 ekimena" izenburua jarri diote kirol erronkari. Presoen eskubideen alde Reau eta Martutene arteko ibilbidea osatuko dute, bost egunetan

Euskal preso politikoen urruntzea zigor erantsia da, eta hori salatzeko gizarte ekimen zabala antolatzen ari da Sare herritarra egitasmoaren baitan. Preso asko gertuko espetxeetara hurbildu badituzte ere,  izan badira oraindik Espainako eta Frantziako kartzeletan urrunduta. Haien egoera salatzeko eta guztien eskubideak defendatzeko, datorren urtarrilaren 7rako manifestazioa deitu dute Bilbon. Aurreko urteetan bezalaxe, jendetza batuko dela espero da. Eskualdera etorrita, presoen aldeko ekimenak Eguberrietan areagotu egiten dira. Aurten, Amasa-Villabona eta Zizurkil arteko gazteen ekimenez, “846KM Reau-Martutene” bizikleta zeharkaldia iragarri dute. Abenduaren 26an abiatuko dira Reauko espetxetik bertatik, eta abenduaren 31n Martuteneko espetxearen aurrean amaiera emango diote. Bidean, sei etapa ezberdinetan, 846 kilometro egin beharko dituzte.

Beñat Uribe-Etxeberria eta lagunena izan da ideia. Sorburuaz, hauxe dio: "Etxeratek presoen datuak eguneratu zituenean, ikusi zen dispertsio politikan aurrerapusoak ematen ari zirela. Espainian, urrutien daudenak, Madril aldean daude, Cadiz eta inguruak iraganean utzita. Baina, Frantziara begira jarrita, Reau urrutien dagoen espetxea da. Nabarmen. Zerbait egitea bururatu zitzaigun, Ainhoa Ozaeta Andoaingo presoa bertan dagoela jakinik gainera. Presoen senideekin hitz egin eta gero, Ozaetari berari proposatu genion ideia eta hark indar eta motibazio handia helarazi zigun".

Kirol erronka handi xamarra da. Lanik handiena lehen bost egunetan egin nahi dute: "Eguneko 160 kilometro egin nahi ditugu, abenduaren 26tik 30era. Eta azken eguna Ziburu eta Martutene artean egin nahi dugu, egitasmoarekin bat egin nahi dutenekin batera". Azken egun horretara Aiztondo eta Andoain aldeko lagunak batuko dituzte. Ibilbideak, atseden guneak, ostatuak... dena prest dute. Orohar etapak lauak dira, baina horrek ez dio ekimenari zailtasunik kenduko. Azkenerako hanketan kilometroak pilatuko zaizkielako. Bizikleta gainean zazpi ordu egingo dituztela aurrikusi dute: "Eguraldiak zeresana izango du. Hotza pasako dugu, baina euriaren beldur gara. Behin bustiz gero, gauza gutxi egin daiteke". Beñatekin batera, errepideko bizikleta gainean ariko dira Andoni Ugarte, Xabat Oiartzabal, Mikel Goya eta Eñaut Zelarain. Espedizioa Ander Goikoetxea, Oihana Alkain eta Manex Iriarterekin osatuko da, furgoneta eramanez eta zeharkaldiari buruzko ikus-entzunezkoa grabatuz ariko baitira.

Azken kilometroak abenduaren 31n egingo dituzte, Astigarraga aldetik Martuteneko espetxera iritsi bitarte. Azken pedalkadak lagun gehiagorekin eman nahi dituzte, kirol elkartasun ekimena borobilduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!