"Nire erara moldatu ditut eguneroko ekintza asko"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko abe. 27a, 07:00

Paralisi brakial obstetrikoa du Izadi Urbanok.

Paralisi Brakial Obstetrikoaren Nazioarteko Eguna izan zen abenduaren 15ean. Bada, lesio hori bera du Izadi Urbano gazte billabonatarrak. Zer da, baina? Labur, garbi eta zehatz azaldu dio Aiurriri.

Paralisi Brakial Obstetrikoaren Naizoarteko Eguna izan zen abenduaren 15a, eta ondo baino hobeto ezagutzen duzu zuk hori. Izan ere, zurea, Izadi, ez zen edonolako jaiotza izan. 

Jaiotza zaila izan nuen; gurasoek kontutakoaren arabera, klinikoki hilda munduratu bainintzen. Nire sorbaldak trabatuta gelditu ziren, eta tira egin behar izan zidaten, baina gaizki egin zuten maniobra; bi nerbio puskatu zizkidaten, eta paralisi brakial obstetrikoa eragin zidan horrek: trapuzko besoa ere deitzen zaio lesioari. 

Zure gurasoak nahiz osasun-langileak orduantxe, jaio berritan, konturatu al ziren paralisi brakial obstetrikoa zenuela?

Ez zuten ezer esan. Jaioberrien unitatera eraman, eta han utzi ninduten sehaska batean. Nire gurasoek ezin izan zuten nirekin egon biharamunera arte. Hala, besoa posizio arraroan nuela ikusi zuten, amak besotan hartu ninduenean. Denbora kontua zela esan zuten osasun-langileek. Gerora, paralisi brakial obstetrikoa nuela esan zieten gurasoei. Hala, Osakidetzak horren harira duen zerbitzuagatik galdetuta, Parisera bidali gintuzten, zerbitzu pribatura. Handik hogei egunera, beste neska bat jaio zen Azkoitian, paralisi brakial obstetrikoarekin.

Erditzean jasandako lesioak albo-kalteak izan zituen zugan. Denboraren joanarekin hobera egin al dizu besoaren mugikortasunak?

Azkenean, errehabilitazioarekin, mugikortasuna hobetu dut. Igeriketaren bidez, adibidez, eta, fisioterapiaren laguntzaz ere, aurrerapausoak izan ditut, nire besoaren mugikortasunari dagokionez. 

Tartean, lehen aipatu duzun bezala, bi ebakuntza izan zenituen, Parisen. 

Ez dut gogoan lehena, sei hilabete bainituen. Baina ondo oroitzen naiz bigarrenarekin, lau urterekin: Azkoitiko haurrarekin batera joan nintzen, biei ebakuntza egiteko. Esperientzia txarra izan zen. Gelan nengoen, eta bi gizon sartu ziren; ohatilera igo eta frantsesez hitz egiten zidaten; ez nuen ezer ulertzen, baina pentsatzen dut ni lasaitzeko ahaleginean ari zitzaizkidala. Ondoren, hil egingo nintzela pentsatzen nuen, ebakuntza egiteko lokartu behar nindutenean. Oso oroitzapen txarra daukat. Gelan esnatu nintzen, negarrez. 

Lehen esku-hartzearekin, besoa altxatzeko gaitasuna eskuratu nuen. Bigarrengoan, berriz, besoaren errotazioa ahalbidetu zidan: esku-ahurra buruz behera jartzeko aukera dut orain, eta, horrek, adibidez, ordenagailuan idaztea ahalbidetzen dit. 

Osakidetzan eskuragarri al duzu zure egoera gertutik jarraitzeko zerbitzua? 

Jaio ondoren, baita ebakuntzen ostean ere, Osakidetzeko errehabilitaziora joan nintzen, baina ez dakite ondo nola tratatu lesioa, ez baitaude espezializatuta. Bide pribatutik jo behar izan dut beti, baita ebakuntza egiteko ere. Bi esku-hartzeen ondoren, berrikuspena egitera joan behar genuen Parisera. Gerora, Gasteizen zegoen aditu batengana jotzen hasi ginen.   

Nolanahi ere, izaten al duzu oztoporik zure egunerokoan lesioagatik? 

Nire erara moldatu ditut eguneroko ekintza asko, paralisi brakial obstetrikoak eragindako zailtasunak medio. Dantzan, zenbait ariketetan ez dut parte hartzen, ezkerreko eskuarekin igotzen dut kremailera, titi-zorroa aurretik lotzen dut, bi eskuak behar ditudalako eta mototsa burua alde batera tolestuta egiten dut, besteak beste. 

Lesio gradua aldagarria al da pertsona batetik bestera? 

Ez omen dago paralisi brakial obstetriko berdinik, alegia, nork bere lesioa dauka. C5 eta C6 nerbioak ditut nik apurtuta. Beharbada beste batek ere horiek ditu apurtuta, baina beste toki batetik; hala, paralisia ez da berdina.  

Azkoitikoaz gain, Euskal Herrian ezagutzen al duzu paralisi brakial obstetrikoa daukan beste kasurik?

Zumarragan ere bada bat. Horrez gain, badira beste hainbat Donostialdean. Bizkaian ere dexente daude. 

Zer da PBO? 

Nerbio periferikoetako lesio bat da paralisi brakial obstetrikoa (PBO), zehazki, brakiako plexuan, besoan, erditzearen mekanismoan sortutako traumatismo baten ondorioz eraginda. Bizkarrezurretik sorbaldara, besora eta eskura seinaleak bidaltzen dituen nerbio-sare bat da plexo brakiala, eta, beraz, aipatutako hiru gorputzeko atal horietan kalteak edo muskulu-kontrol eza eragin dezake paralisiak. Hala, erditze bortitzekin lotzen da PBO: zehatz-mehatz, jaiotzan, haurra kanporatzeko unean, burua irteten da; harrapatuta gelditzen da sorbalda, ordea, amaren pubisean (sorbalden distozia). Bada, indar handiegiz edota modu desegokian trakzionatuz gero, paralisi brakial obstetrikoa eragin dezake. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!