"Herritarrei iritsi zaie aldarrikapena eta askok bat egin dute gurekin"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urt. 20a, 14:35

Reautik Martutenera bizikleta-zeharkaldia egin zuen Aiztondoko herritar talde batek, abenduaren 26tik 31ra bitarte, euskal presoek eta senideek pairatutako eskubide-urraketak salatzeko. Haietako bat da Beñat Uribe billabonatarra.

Makina bat kilometro bete elkartasun egin zituen Bekat Uribe billabonatarrak, lagun taldearekin batera, iragan urtearen amaieran. “846 kilometro” lemapean, Reautik (Frantzia) hasi zuten zeharkaldia bizikletan, dispertsio politikan emandako aurrerapausoak aurrerapauso, Frantziara begira jarrita, espetxe hori bera dagoelako urrutien etxetik; gainera, bertan da Ainhoa Ozaeta andoaindarra. Haize ufada hotzek eta euri-jasak ez dira oztopo izan errepidean, solidaritate pedalkadak eteteko.

Abenduaren 26an abiatu zineten Reautik, 846 ekimena gauzatzeko asmoz. Hasiera berezia izan zenuten, gainera, bertan preso den Ainhoa Ozaeta andoaindarraren ohiuekin ekin baitzenioten bideari. Indar berezia eman al zizuen horrek?

Abisatuta zeuden goizeko 09:30ean gerturatuko ginela kartzelara eta petardoak botako genituela. Patiora jaistekoak ziren beraiek. Bota genituen horretan, oihu pare bat ere eman genituen eta barrutik zetorren erantzuna entzuteko aukera izan genuen.

Oso polita izan zen, hunkigarria, eta izugarrizko indarra eman zigun; horrela, bizikleta hartu eta abiatzeko moduan ginen.

Zirraragarria zuentzat, baita beraientzat ere, ziurrenik...

Bai, jakina. Ondoren, beraiekin telefono bidez hitz egiteko aukera izan dugu, eta indar handia eman zien. Hori ere bagenuen helburu, elkartasun keinua bidaltzea.

Elkartasun bide horretan, 846 kilometroetan, baldintza meteorologikoen beldur zineten. Oztopo izan al da eguraldia?

Finean, ekimen honek bi helburu zituen: batetik, aldarrikapena; eta, bestetik, ahalegin fisikoa ondo gauzatzea. Hotza, kilometroak, trafikoa... Baina, azkenean, ondo bete dugu xedea.

Eroriko pare bat izan ditugu, baina gauza gutxi. Zenbait egun hotz izan ditugu, baita etapa moztu eta furgonetara igo behar izan dugun unerik ere: behin, esate baterako, 160 kilometro egin beharrean, 110 kilometro egin genituen, lau ordu euripean generamatzalako, haizea kontran. Bestela, ondo, izan baita eguraldi ona eduki eta gozatu dugun egunik.  

Nola oroitzen dituzu Martutenera iritsi aurreko azken kilometroak?

Oso hunkigarriak. Bost bat egun generamatzan etxetik kanpo eta, tarteka, zailtasunekin.  Guretzat, sinbolikoki, bidaiari amaiera ematea zen Martutenera iristea. Han bertan, jende pila bat zegoen, eta harrera polita egin ziguten, txaloka.

Amasa-Villabonan hasi eta Zizurkilen amaitu zenuten 846 ekimena, urteko azken egunean, presoen eskubideen aldeko bailarako manifestazioan. 

Bai baidaia, bai urtea borobiltzeko modua izan zen. Donibane Lohizunen egin zen preosen aldeko elkarretaratzearekin sartu ginen Euskal Herrian eta oso polita izan zen abenduak 31, bailaran, manifestazioarekin batera amaitzea ibilbidea.

Bizipenaren irudiak hartu dituzte zuen alboan furgonetan zihoaten bi kideek, dokumental bat osatzeko asmoz.

Ez dugu bidaia beraren dokumentala egiteko asmorik. Espetxeak ekarri dituen eskubide urraketen gainean mintzo nahi gara ikus-entzunezkoan, eta irudi horiek baliagarriak izango zaizkigu proiektua osatzeko.

846 kilometro bete elkartasun egin dituzue. Aurrera begira, egongo al da kilometro gehiagorik?

Nahikoa lan izan dugu honekin. Oraingoz behintzat, ez daukagu ezer egiteko asmorik, baina ez litzateke arraroa izango hemendik pare bat hilabetera zerbait bururatu eta egitea.  

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!