"Etxera oihukatzeko egun ederra izan zen"

Erredakzioa 2023ko urt. 16a, 14:33

Nahikari Iturbe billabonatarra Gipuzkoako Sare mugimenduko ordezkaria da. Bilboko manifestazioaren balorazioa egin du, Aiurrirako.

Bilboko kaleak jendez berriro bete eta gero, zein da zuen lehen sentsazioa?

Manifestazioaren aurretik kezka bagenuen, pandemia tarteko, Bilbon egin ginelako elkartu. Berriro Bilbora itzultzea erronka handia zen, bertigo modukoa ematen zuen baina egia esan oso balorazio positiboa egiten dugu. Irudiak ikustea besterik ez dago. Autonomia kalea leporaino bete zen. "Etxera" oihukatzeko egun ederra izan zen.

Hurbilketa asko eman dira, baina prozesua ez da erabatekoa. Oraindik ere urruntze politikaren eragina nabari da inguruotan.

Fase bat oraindik ixteke dago, eta bigarren fasean sartzear gaude. Hamahiru preso Espainiako espetxeetan daude urrunduta, baina aurrerapauso handi bat eman da azken bi urteotan. Presoen ia-ia gehiengoa euskal autonomia erkidegoan eta Nafarroan dago. 34 urte luzetako dispertsio egoera horri buelta ematear gaude. 2023an urruntze politikaren amaiera ikustea espero dugu. Bigarren fasea, etxera bidea prozesua izango da: Legeak dioen bidetik, graduen progresioa ezarri eta presoak etxeratu ahal izatea.

Ainhoa Ozaeta da, gertuko kasuen artean, urrunen dagoena.

Etxeraten mapari begiratuta, 925 kilometrotara dagoen Reauko espetxean dago. Emakumezkoentzako modulurik ez dago gertuko espetxeetan, eta ez dute gertu egoteko aukerarik. Frantziar estatuan bestelako lanketa bat egin beharko da, haien eskubideak bete ahal izateko.

Ozaetaren kasuari lotuta, Aiztondoko gazte batzuk ekimena abiatu dute Gabonetan. Reau eta Martutene arteko distantzia bizikletan osatu dute. Aldarrikapen martxa izan da. Sareko kide gisa nolako balorazioa egiten duzu?

Presoekiko sentsibilitate hori erakutsi izana bakarrik gauza ederra da. Gaurkoz presoen adin-tartea ez da gazte batena, eta horregatik bakarrik deigarria da gazte horien ekimena. Ideia zoro modura sortu zen, euren artean. Eta, askotan, horrela abiatzen dire ekimen ederrenak.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!