"Joseba eta biok elkarrekin plazara ateratzeko modua da emanaldia"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urt. 25a, 07:33
©Klaus (BIRA)

Duela ia hamar urte ondutako letren nahiz doinuen amuari tira egin eta kantu kontari dabiltza, Euskal Herrian barrena, Ines Osinaga musikaria zein Joseba Sarrionaindia idazlea. Bada, geldialdia egingo dute, Gurea antzokian igandean, "Katuen kontuak" emanaldia plazaratzeko.

Orain ia hamarkada bete, Sarrionandia erbestean zela, elkarrekin sortutako zenbait kantu eta kontu dira emanaldiaren abiapuntua.

Habanan jaio ziren testuak, Atlantikoa zeharkatu, Euskal Herrira itzuli, eta kantu egin genituen guk, baita plazaratu eta argitaratu ere. Orain, urteak igarota, eta, egoera aldatuta, Joseba etxean dela, elkar topo egin genuenean, planteatu genuen ea zelakoa litzateke gauzak kontatzea, distantzia bestelakoa denean.

Aitzakia gisa hartu ditugu abestiak, elkarrekin, makina bat herri bisitatzeko, elkarrekin, gehien gustuko duguna egiteko, kantatu eta kontatu. Testuen atzeko testuingurua azaltzen du Josebak, ideia pila bati buruz hitz egiteko. Nik, berriz, musikatu egiten ditut testuak, orain naizen horretatik berriro izaten uzten diet.

Nola izan da, behin, urrutian sukaldatutako proiektua, orain, batera oholtzara ematea?

Kantuek, orain arte, ez dute modu honetan aurkezteko aukerarik izan. Bada, orain bai: Joseba eta biok elkarrekin plazara ateratzeko modua da emanaldia; espazio txiki eta seguruetatik hasi ginen, eta, pixkanaka, gure tokia bilatzen joan gara, herriz herri. Horrela iritsi gara Amasa-Villabonaraino.

Udaberrian Andoainen, eskualde honetan, izango zarete berriro. Aurrera begira, zein beste oholtzetara igoko zarete kantu kontari?

Bidea egin dugu, biok plazan eroso senti gaitezen. Bestalde, eboluzioa izan dute kantuek, eta bere narratiba propioa hartu du emanaldiak. Joan den urtearen amaieran, atsedenaldia egin genuen, eta ideiak birplanteatu ditugu. Otsailean ere beste geldialdi bat egingo dugu, bidaia kontuak medio, eta martxoan –ziurrenik, zenbait aldaketa tarteko–, berriro itzuliko gara; eta, hori da, tartean, Andoainen, Basteron izango gara.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!