[IRITZIA]

Etxera eguna Amasa-Villabonan

Nahikari Iturbe (Sare) 2023ko mar. 24a, 07:20

Martxoaren 25ean Amasa-Villabonan ospatuko den Etxera egunean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

34 urte igaro dira 1989an Felipe Gonzalezen gobernuak, presoak euskal gizartetik isolatzeko ahaleginetan, dispersioa abian jarri zuenetik. Urte gogorrak izan dira, hamasei senide eta lagunek bizitza galdu dute errepideetan, laurehun istripu baino gehiago, gastu ekonomiko izugarria, ondorio fisiko zein psikikoak… Baina, gaur egun, urruntze-politika, 34 urte geroago, amaitzear dela esan genezake. Baina ez erabat. Urrunketaren zertzeladek, oraindik, gertutik jarraitzen gaituzte, baita salbuespen espetxe politikak ere.

Hala ere, garrantzitsua da bi urte eta erdiotan emandako pausoei balioa ematea; lehen graduaren amaierak, ondoren egindako hurbilketek, aberriratzeak, orain, une honetan, urruntzearen amaieraren atarian egoteak, preso batzuk, pixkanaka baina oztopo askorekin, etxerako bidea egitea lortzen ari direla ikusteak…

Baina, aldi berean, ikusten dugu, batzuen aldetik oraindik ere interesa dagoela konponbiderako ahalegin oro oztopatzeko. Sektore batzuek ez dute egoera aldatu nahi: ezer aldatu ez dela esaten saiatzen direnak, ETA bizirik dagoela esaten tematzen direnak, konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia dutenak.

Salbuespenezko espetxe-politikak, hau da, urruntzeak, zigorren batuketa ez ezartzeak edo ia bizitza osoko zigor luzeen ezarpenak, gaixo larrien egoera, preso adinduena eta hirugarren gradura iristeko edo baimenak lortzeko oztopoek, herri honetan, bizikidetzaren eta bakearen alde egiten ari diren urratsak oztopatzeko asmo argia dute.

Guk, ordea, argi dugu bidea zein den, gatazkaren ondorio guztiei eutsi eta presoek dituzte eskubideetan oinarrituz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea. Horretarako mobilizatzen jarraitu behar dugu, ikusarazten, konponbiderik, elkarbizitzarik eta bakerik egongo bada, euskal presoen aferari irtenbidea ematea dagokigula eta horrek gizarte aktibo bat eskatzen duela: funtsean, konponbideak eskatzen dituen gizarte bat. Ezin dugu pentsatu arazoak bulego edo instantzia judizialetan bakarrik konponduko direnik. Ezinbestekoa da bulego horietara iristea konponbideen eta bizikidetzaren bidean aurrera egin nahi duen gizartearen gehiengoaren borondatearen oihartzuna.

Horregatik, martxoaren 25ean, Amasa-Villabonan ospatuko den Etxera egunean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde beharrezkoa baitugu guztiok gure aletxoa ereitea. Adi, beraz, zuen herrietako deialdiei.

Elkarbizitza, bakea eta konponbide baten alde Etxera! Bai, denak etxera!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!