Bizipoza Jaialdia egingo dute, Amasa-Villabonan

Aiurri 2023ko mar. 28a, 15:04

Bizipoza egitasmoa aurten, Aiztondo bailara, Anoeta eta Iruran antolatuko da eta Bizipoza Jaialdiarekin amaituko dute: Bizipoza Jaialdia Amasa-Villabonan ospatuko da Ekainaren 17an eta 18an. Lehen egunean, Oinkari Dantza taldeko kideek emanaldia eskainiko dute bi saiotan ikusteko aukera izanik, eta bigarren egunean, aurtengo elkarte antolatzaileek; Oporrak Bakean, Etiopia Utopia, Aspanogi eta Naizen elkarteek euren proiektuak azaldu eta pailazoen ikuskizuna eskainiko dute. 

Aurkezpenean, Leire Elizegi Bizipoza elkarteko Gipuzkoako koordinatzaileak argi adierazi du, "guztiok helburu berarekin elkarturik gaude; Aiztondo bailara, Irura eta Anoeta guztiontzat izan beharko lukeen herri inklusiboa erakitzeko, euskaratik eta euskaraz". Helburu nagusi horri heltzeko Bizipoza jaia antolatuko dugu: "Oinarrian, elkartasuna, bizipoza, euskara, kultura, hezkuntza, alaitasuna, auzolana eta herrigintza sustatzen duen egitasmoa izango dena”. 

Jarraian, Ainhoa Beobide Aiztondo bailarako Bizipoza jaialdiko koordinatzaileak hartu du hitza eta hiru ardatzetan banatu du egitasmoaren lanketa. Lehenengo ardatza, ikastetxeetako lanketa izango litzateke; Porrotx pailazoak Bizipoza aurkeztu eta haurrei erronka berezia jarri die bizipoza zer den herrian zabaltzeko, ondoren, apiriletik maiatzera bitarte ikastetxeetan eurek aukeratutako sentsibilizazio saioak egingo dituzte, eta azkenik, gida didaktikoa sortu eta ikastetxeetan lantzen arituko direla azaldu du. Bigarren ardatza, herriko eragile eta elkarteekin bildu eta Bizipoza Jaia aurkeztea izan dela adierazi du Beobidek, eta, honekin batera, herriei  gonbidapena luzatu zaiela helarazi du norberak bere herrian aurkezpen ekitaldia antolatu eta herrian bizipoza zabaltzeko helburuarekin. Azkenik, hirugarren ardatza plazaratu du Aiztondoko koordinatzaileak; ekainaren 17an eta 18an burutuko diren ekitaldiak, hain zuzen. 

 

Aiztondoko Ikastetxeetako ordezkariak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!