Lasterbidean ekimena, Amasa-Villabonan

Irune Alfonso 2023ko mai. 4a, 18:08

Herriko presoen senideak, Lasterbidean ekimeneko antolatzaileak eta herriko gazteak izan ziren aurkezpenean.

Elkartasun lasterketa da, kiroletik sortutako herri ekimena. Zehazki, presoen eskubideak aldarrikatzea xede duena. Aurrerapausuak eman diren arren, euskal preso politikoen alde lanean jarraitu nahi dute. Nafarroan eta Araban egin ondoren, ekainean Amasa-Villabonan izango da

Lasterbidean elkartasun herri ekimeneko kideak eta Etxerat elkarteko euskal preso eta iheslarien senideak batu ziren apirilaren 15ean, Amasa-Villabonako Errebote plazan. Bertan, ekainaren 3ko edizioa aurkeztu zuten. Lasterbidean zer den azaltzearekin batera, egitaraua aurkeztu zuten.

Pandemiaren urte zailak atzera utzita, eta, Kanpezuko edizio arrakastatsuari jarraiki, aurten, Gipuzkoara itzuliko da lasterketa. Euren lemak dioena lerrootara ekarriz, “bidea laster egiteko, lasterbidea sortzen ari gara. Laster, bidean izango ditugu; etxera bidean”. 

June Gurrutxaga Lasterbidean ekimeneko antolatzailea euskal preso politikoen egoeraz mintzatu zen: “Aro berrian sartu gara. Euskal preso politikoak Euskal Herriko espetxeetan daude. Hobeto gaude, baita senideak eta gertukoak ere, baina haiek mantentzen duten salbuespeneko politikarekin amaitzeko, oraindik ere, jendartearen lana eta mobilizazioa ezinbestekoa dugu, blokeo zentzugabe hori desblokeatzea lortzeko. Badira, oraindik, salatzeko egoerak, Lasterbideaneko kideek ekimena sortzean mahaigaineratu genuen bezala, azken errepresaliatua etxeratu arte, zereginik egongo da, beraz, esperantzaz eta determinazioz ekiten diogu gure lanari”.

Gainera, Oihana Alkain Lasterbidean ekimeneko antolatzaileak ekimenaren logoaren aldaketaren zergatiak adierazi zituen: “Ez dugu maparik behar, baina, geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, etxera! leloa egia bihurtzen hasteko unea da”.

Lasterbidean, aukera bikoitza ekainaren 3an

Helburu horregatik, distantzia desberdineko bi laterketa izango dira. 

  • Ibilbide luzea: 7,8 kilometrokoa.
  • Ibilbide laburra: 2,6 kilometrokoa. 

Lasterketan parte hartu nahi dutenek lasterbidean.eus webgunean edo egunean bertan, ekainaren 3an, Olaederran eman beharko dute izena. 

Lasterketa ostean, ohitura denez, sari-banaketak eta herri bazkariak izango dute lekua. Aurtengoan, 600 pertsonentzako bazkaria prestatuko dute. "Herri bazkariari ere garrantzia eman nahi zaio, uste dugulako jendarteak duen elkartzeko eta partekatzeko beharrari modu lasai batean gozatzeko aukera ematea ezinbestekoa dela. Ehunka lagunei bazkaria prestatzeko prest gaude, Amasa-Villabonan", adierazi zuen Alkainek. Arratsaldean, pilota partiden tartea izango da Bear Zana pilotalekuan.

Distopia, DJ Bull eta gehiago, arratsaldean

Kirol jarduerak ospakizunari emango dio lekukoa. Distopia elektrotxaranga ezagunak kaleak girotuko ditu. Eguna amaitzeko, eta, musika giroarekin jarraituz, kontzertua izango dira herriko plazan. Xsakara, McOnak eta DJ Bull iragarrita daude. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!