Bikote batek eraso homofobo eta arrazista bat salatu du Villabonan

Aiurri 2023ko mai. 16a, 13:56

Bikote batek jatorriagatik eta orientazio sexualagatik jasandako erasoa salatu du. Amasa-Villabonan larunbat gauean gertatu zen erasoa, Onddo Rock jaialdiaren ostean. 

Hainbat hedabidek adierazitakoaren arabera, bikote homosexual batek salaketa ipini du jasandako eraso homofobo eta arrazista medio. Biktimek adierazi dute, tabernatik atera ostean, hamabost gazte inguru jazartzen hasi zitzaizkiela, beraz, aldetzen saiatu zirela; bietako baten senitartekoari ukabilkada bat eman ziotenean, emakumea laguntzera joan ziren, eta, orduan, hasi zen erasoa. Polizia bertaratu zenean gelditu zen jazarpena. Mutiletako batek konortea galdu eta ospitaleratu egin zuten. Segurtasun Sailak adierazi du gertakaria ikertzen ari direla.

Maiatzaren 14ko goizaldean Villabonan gertatutako eraso homofoboaren gainean, ikertzen ari da Zizurkilgo Udala; Amasa-Villabonako Udalarekin batera adostuko du datozen orduotan eman beharreko pausoak. Horrez gain, Zizurkilgo Udalak irmoki adierazi du ez duela onartuko inolako eraso homofoborik ez eta arrazistarik ere: "Zizurkilek inklusioan sinesten du, herritar guztiak errespetatu eta babestuko dituen herria nahi dugu eta horretan jarraituko dugu lanean". Zizurkilgo Udalak babes osoa adierazi nahi die erasoa jasan duten herritarrei eta haien eskura jarriko ditu Udalaren baliabide guztiak.

Hari beretik tiraka, Amasa-Villabonako PSE-EE alderdiak ere irmoki salatu du jazotako eraso larria.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen irmoa adierazi du:

Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambraren bidez, elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi die Aldundiak erasoa jasan duten bi pertsonei, bai eta haien senide eta lagunei ere, eta, horrela, bat egin du gertaera horrek Gipuzkoako gizartean eragin duen kezkarekin eta sumindurarekin.

Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendariak adierazi duenez, "LGTBIfobiak, hitzezko erasoek eta indarkeria homofobo eta xenofoboak ez dute lekurik gure lurraldean, eta erabat onartezinak dira". "Gipuzkoan, ez dute lekurik gorrotoak, genero-izaeragatik edo sexu-orientazioagatik egindako erasoek, ez eta sexu-askatasunen eta askatasun indibidualen aurkako mehatxuek ere, eta are gutxiago sexu-izaeragatik eta jatorri atzerritarragatik bi gizon horiek jasan zituzten indarkeriazko erasoek".

Gambrak gaineratu duenez, jarrera homofobo eta xenofoboek, eta, oro har, “berdintasunaren eta pertsonekiko errespetuaren aurka egiten duten guztiek, gizarte osoa erasotzen dute, eta bereziki, gizartean berdintasunean parte hartzeko eskubidean sinesten dugun pertsona guztiak, jatorria, sinesmena edo kultura edozein dela ere”. Horregatik guztiagatik, dibertsitatearen eta giza eskubideen eremuko asoziazionismo guztiarekin batera, gizarte-desberdintasunei aurre egingo dien Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Aldundiak. “Gipuzkoa gero eta anitzagoa da, eta sexu-joera, jatorria, erlijioa edo kultura dela-eta gertatzen den edozein diskriminaziori ezetz esaten dio”.

Informazioa eguneratuko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!