Lehen aldiz aurkeztu zara alkatetzara. Zein da zure aldartea Udal hauteskundeak ospatzear direnean?
Urduri nago, ezin bestela, baina gogo handiarekin.
Alkategai berria zarenez, herritar guztien aurrean zure burua aurkeztuko zenuke?
Oso mutil arrunta naiz. Amasa-Villabonan bizi naiz betidanik. 33 urte ditut eta inguruko elikagai enpresa batean lan egiten dut. Herriko futbol taldean jokatu dut; haurra nintzenetik, bertan egin nuen ibilbide osoa.
Zer da udalerriaz bereziki gogoko duzuna?
Jendea. Gainera, nire familia osoa bertan bizi da, eta hori niretzat garrantzitsua da. Jende askok ezagutzen gaitu herrian.
Baduzue ordezkaritza udaletxean. PSE-EEko hautes-zerrendari buruz hitz egiguzu. Maria Luisa Arijaren lekukoa hartuko duzu, udalgintzan.
Lekukoa gazte jendeari ematea ona da. Balioan jarri behar da berak urteotan egindakoa. Hizketaldi luzeak izan ditugu herriaz eta udalgintzaz. Garrantzitsua izan da hori niretzat, kanpotik izaten den ikuspegia ezberdina baita.
Diozunari jarrituz, zure kasuan, urteotako udalgintza nola ikusi duzu kanpotik?
Zintzoki, uste dut zer hobetua badagoela Amasa-Villabonan. Udalerriaren martxa ona dela dirudi, baina egungo agintariek hainbat alorretan ez dute emandako hitza bete. Kasualitatez, egin gabe zeudenak orain egiten hasi dira. Haietako batzuk, gainera, gure ekimenak izan dira.
Bete gabeko promesa horien artean adibide zehatzen bat jarriko al zenuke?
Parkeak estaltzea, adibidez. Eta oso ondo iruditzen zait martxan jarri izana, herritarrek urteak daramatzatelako hori eskatzen.
Agintaldirako ideia berriak aipatuko zenituzke?
Komunitate energetikoak, adibidez. Ez nuen horren berri eta oso aproposa iruditzen zait. Eguzki plakak eraikin publikoetan jartzea, autokontsumoa sustatzeko, interesgarria da. Faktura nabarmen jaitsiko litzateke, eta herrikideentzat mesedegarria da hori. Ingurumenaren aldetik, garrantzi handikoa da.
Txermineko aparkalekua aspaldiko eskakizun bat da. Berritu beharra dago.
Zure ordezkaritza gobernagarritasuna bermatzeko erabakikorra balitz, zein da beteko zenukeen rola?
Ezin dut ezer handirik esan. Alderdiak erabakiko du. Gertutasun handiena duenarekin hitzarmena egingo dugula uste dut. Baina, berriro diot, hori alderdiari erabakitzea dagokio.
Amasa-Villabonako PSE-EE
- Eduardo Gonzalez.
- Amaya Ayestaran.
- Maria Luisa Arija.
- Ramon Hidalgo.
- Maria Nuria Garcia.
- Ascension Reyes.
- Julen Sanchez.
- Stephania Medina.
- Maria Pilar Davila.
- Pedro Manuel Igoa.
- Agustin Horrillo.
- Gema Maria Insausti.
- Gorka Iparraguirre.