"Esan lasai" ekimena abiatu duzue herritarren proposamenak jasotzeko. Zeintzuk dira herritarren kezka nagusiak ?
Kontutan hartzeko ekarpenak egin dizkigute; adibidez, Oriamendi-Larrea ibilbidea osorik berritzea, nahiko zaharkituta dagoelako. Bestalde, lehenagotik datozen arazoak ere agertu zaizkigu: Txermingo auzoa eta bertako aparkalekua eraberritzea, esaterako.
Hurrengo lau urteei begira zeri eman nahi diozue garrantzia?
Orain arte burutu gabe geratu diren proiektuei forma eman nahi diegu. Larreako parkearen lizitazioaren esleipena behingoz amaitu da, eta azken pausua falta da: parkea estaltzea. Berandu goazen arren, errealitate bihurtuko da.
Zintzilik edo egiteke dagoen beste proiektu bat kiroldegiko kantxa hobetzea da. Kiroldegiko teilatua konpontzen dutenean gauzatuko da. Bestalde, Txermingo aparkalekua osorik erreberritzea egokitzen zaigu, parte hartze prozesuan bigarren geratu zen proiektua baita, eta honekin batera Txermin auzo osoa osorik hobetzea. Jarraipena eman nahi diogu Amasako errepideari eta ez dut aipatu gabe utzi nahi Udalak legealdi honetan Graficas Leitzaola erosi duela, eta bertan etxebizitza sozialak eraikitzea dela asmoa.
Duela lau urte EH Bildu nagusitu zen gehiengo absolutua lortuz. Bide bereko emaitzak lortzea aurreikusten al duzue maiatzaren 28ko hauteskundeetan?
Gure asmoa eta erronka potoloa emaitza hobetzea izango da. Zazpi zinegotzi gara eta erronka zortzigarrena lortzea izango da. Lanketa handi baten ondorioz sortutako taldea aurkeztu dugu. Talde indartsu eta eraginkorra da, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituena. Gaztetasun horrek herriari eta herritarrei asko esateko du, etorkizunari begira. Osatu dugun taldea lanerako ilusioz eta gogoz dago.
Duela lau urte Podemosek ez zuen lortu udalera sartzera. Aurten, PP aurkeztu da berriro ere Amasa-Villabonan. Zer iruditzen zaizu?
Herritar guztiei esan nahi diet bozkatzera joateko, bakoitzak nahi duenari. Guri bada hobe, noski. PSE-ko eta Podemoseko buruak Amasa-Villabonako herritarrak dira, eta nik uste dute udal hauteskundeetan herritarrek izan behar dutela agintean egon behar dutenak. Herritarrak edo herria ezagutzen dutenak, behintzat.
Oposizioarekin akordioak lortzeko prest egon zarete. Asmo eta jarrera bera izango duzue?
Bai, noski. Herri bat aurrera eramateko adostasuna eta elkarlanak egon behar du, guztiontzat askoz hobeto da. Ezin dugu liskarretan ibili bakoitzak bere aldetik jokatuz. Ni, behintzat, ez naiz horrelakoa eta ez dut hori nahi. Ahal dela, adostasunak lortu nahi ditut, herria denon artean hobetzeko.
Behin hauteskundeak igarota, zein lan daude ate joka udaletxean?
Legealdi honetan, euskararen ados mahaia izan dugu. Azken hilabeteetan kirol mahaia jarri dugu martxan eta, berdintasunari dagokionez, feminismoaren ados mahaia sortzea izango da. Posible izanez gero, berdintasun teknikaria kontratatu nahiko genuke. Beharra ikusten dugulako. Ez Amasa-Villabonan bakarrik. Aiztondo bailaran elkarbanatu genezake teknikaria. Bestetik, Liburutegia ereberritzea aurrikusten dugu.
Amasa-Villabonako EH Bildu
- Beatriz Unzue.
- Xabat Laborde.
- Irune Alfonso.
- Eñaut Zelarain.
- Maria Aranzazu Lopez.
- Ander Goikoetxea.
- Ander Etxeberria.
- Eneritz Ugartemendia.
- Gurutze Astiasaran.
- Juan Luis Irazusta.
- Ainhoa Esnaola.
- Aitor Sarasola.
- Leire Uzkiano.