M28 Aiztondo

"Zaintzan, eskolan eta osasun publikoan sinesten dugu"

Aiurri 2023ko mai. 25a, 11:44

Carmen Salido Amasa-Villabonako udaletxe aurrean.

Carmen Salido Sierra Elkarrekin-Podemos-eko alkategaia da, Amasa-Villabonan. Duela lau urte hautes zerrendan bigarren aurkeztu zen Salido, oraingoan, ongi pentsatu eta hausnartu ondoren, ausartu, eta Podemoseko hautagai buru aurkeztuko da

Aurrekoan, bigarren aurkeztu zinen zerrendan. Oraingoan, zerrendaburu. Gogotsu al zaude?

Ilusioz beteta nagoela ere esan dezaket, hautagai izateko pausoa eman baitut, baita urduri ere, itxaropena beti baituzu. Oraingoan, pausua ematea erabaki dut; beldurra kendu eta ausarta izatea.

Podemosek ez zuen ordezkaritzarik lortu udaletxean. Emaitza hobeak espero al dituzue?

EH Bilduk eta EAJk indar handia dute Amasa-Villabonan, baina saiatzen ari gara urratsak ematen eta Amasa-Villabonan botoa ematen digun jendearen ordezkaritza udaletxera eramaten. Gure politikak hurbilagokoak direla esan dezakegu. Gertutasun hori erakundean sartu nahiko genuke. 

Distantziatik nola ikusten duzu Amasa-Villabonako udalgintza?

Oso zurruna da. Parte-hartze hitza asko erabiltzen da, baina parte-hartze hori ez da benetakoa. Gertutasuna sustatu behar dugu eta jendea udalera hurbiltzea lortu. Udala eurena dela sentiarazi behar diegu, eta udalera etor daitezen lortu euren arazoekin eta proposamenekin. 

Aurkeztu martxan jarri nahi dituzuen proiektuak. 

Gure eslogana hurrengoa da: zerbitzu publikoaren indarra. Guk osasun publikoan, eskola publikoan eta zaintza publikoetan sinesten dugu. Tolosaldean, eskualdeko ospitaleko arazoa dugu. Askotan agindu digute ospitale publiko bat egingo dutela, baina ez da inoiz iristen. Ospitale publiko bat behar dugu, askoz hobeto artatuta egongo gara eta, lan egiten duten pertsonak baldintza hobeak izango dituzte; ez dezagun ahaztu Asuncioneko langileak greban daudela. Bestalde, lan feminizatua da zaintza. Prekarioa da, arrazializatua. Baina geure buruari galdetu behar diogu, zaintzaileak nork zaintzen ditu? Inork ez ditu zaintzen, inork ez du haiengan pentsatzen. Hezkuntzaren gaiarekin gauza bera gertatzen da: ehuneko ehun publikoa izatea nahi dugu. Euskararen arazoa zegoenean, hizkuntza babesteak zentzua zuen. Baina, gaur egun, ez du zentzurik; euskaraz izango den hezkuntza publikoa bermatu daiteke.

Gazteen gaiak ere kezkatzen gaitu: enplegua, etxebizitza... arazo larria da. Etxebizitzari dagokion legea onartu da, eta gure ideia udalerrian ezartzea da. Gainera, guztientzat izango den udalerria izatea nahi dugu; guztientzat ez da emakumeentzat bakarrik, edonorentzat baizik. 

Zuen konfluentzian publikoak dira gorabehera batzuk. Amasa-Villabonan egonkor mantendu al zarete? 

Eskualdeka antolatzen gara. Nahiz eta maldan gora egin, jendea gehitzen joan da. Gurera, beste nazionalitate batzuetako jendea eta dibertsitate funtzionala duen jendea batu da. 

 

Amasa-Villabonako Podemos

  1. Maria Del Carmen Salido.
  2. Abdelahe Mohamed.
  3. Maria Inmaculada Barbadillo.
  4. Maria Ascension Garcia.
  5. Juan Carlos Eguizabal.
  6. Maria Dolores Fernandez.
  7. Juan Carlos Campos.
  8. Sunita Kumari Gurung.
  9. Alain Martinez.
  10. Jesus Hernandez.
  11. Jenny Susel Tabares.
  12. Geren Mirena Zuñiga.
  13. Leidi Joany Riascos.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!