2015-2019ko Udal agintaldian, gobernu ardurak zenituzten udaletxean. Azken lau urteotan, udalgintzatik kanpo egon zara, eta oraingoan EAJ-PNVko alkategaia izango zara. Gogotsu zaude?
Animoz eta ilusioz gainezka nago. Lantaldea indartsua dut, gainera. 2015-2019an gobernu taldean egon ginen, bai. Amasa-Villabonaren tamainako udalerriak badu erakarmena, eta alderdiak eskatuta, eta jeltzaleek ordezkaritza izan dezaten aurkeztu naiz.
Hautes-zerrendarekin pozik agertu zara.
Bai, oso pozik nago. Zerrenda ikusiz gero, indartsua da. Udalgintzatik datoz guztiak. Amasa-Villabonarekin harremana duen jendea da. Zerrenda indartsua da.
Zer egiten du erakargarri Amasa-Villabonak?
Gobernu taldean zaudenean herritarrekin harremana sortzen da, eta sei mila biztanleko herria izanik, gertutasunak erakarmena sortzen du.
Eta zertan hobetu beharko luke udalerriak?
2015-2019 agintaldian egitasmo batzuk eginda geratu ziren, aurrekontu eta guzti. Txermingo aparkalekuari dagokionez, adibidez, 2019ko Udal aurrekontutan 110.000 euroko partida eta egitasmo bat alkate berriaren mahai gainean geratu ziren. Ez da bakarrik Txermingoa. 130.000 euro gorde ziren espaloiak berritzeko. Lau urte pasa dira, eta nahiz eta aurrekontuak onartu, egitasmo horiekin ez dute aurrera egin. Guk uste dugu lau urte hauetan herrian geldialdia egon dela. Hainbat proiektu, gehiengoa izanda ere, ez dituzte aurrera atera. Herria, gure ustez, geldirik dago. Herriari bultzada eman behar zaio.
Euren hainbat egitasmo ere ez dira aurrera atera.
Zeintzu dira zuen kezka nagusiak?
Etxebizitzaren gaia eta gazteria. Etxebizitza aukerarik gabe, gazteak joan egiten dira eta herria zahartzen ari da. Gaiari heldu behar diogu. Hiru egitasmo ditugu: HAPOa berritu behar da, Aldundiarekin elkarlanean. Bestalde, 300 etxebizitza hutsik daude udalerrian. Hori kopuru handia da, eta horiek merkaturatzeko laguntzak eskaini beharko dira. Hirugarrenik, auzoetan etxabeak edo lokalak etxebizitza bilakatzeko prozedura aztertu eta ahalbideratu beharko litzateke.
Maiatzaren 28ari begira, aurreikuspenik bai?
Gertuan, kaleak animatzen gaitu. Baikortasun hori antzematen dugu. Aurreikuspen handiak ditugu.
Gobernuan aritu zinen. Ze oroitzapen gordetzen duzu garai hartatik?
Oso ona. Herria barrutik ezagutzeko aukera handiagoa da. Flemingeko komunitatearekin, Amasako baserritarrekin, odol-emaileekin edo beste eragile askorekin harreman zuzena sortzen da.
Lau urte hauetan, Udal politikagintzatik kanpo egon arren, eragile ezberdinekin kafe bat hartzeko tartea baliatu dut. Harremanak ez ditugu eten.
Amasa-Villabonako EAJ-PNV
- Eneko Urdangarin.
- Arantzazu Rojo.
- Ianko Gamboa.
- Aitziber San Roman.
- Elena Lete.
- Santiago Gurrutxaga.
- Olga Aldaz.
- Ibon Ariznabarreta.
- Nagore Puyadena.
- Juan Maria Iparraguirre.
- Maria Aranzazu Alonso.
- Igor Villarreal.
- Maite Izagirre.