Bizipoza, bizitzeko nahia eta indarra

Irune Alfonso 2023ko eka. 9a, 07:00

Bizipoza egitasmoa aurrera emateko lanean ari diren elkarte, eragile eta norbanakoak igo ziren eszenatokira.

Badator ekainaren 18a, Bizipoza Jaia ospatuko den eguna. Jaialdian bi gune bereiztuko dira, Errebote plaza eta Berdura plaza. Askotariko ekintzak egingo dira, lehenengoan, kalejira, ikuskizunak, elkarteen postuak... Bigarrenean, bazkaria, pintxoak eta txokolate-jatea

Bizipoza Jaia ospatuko dute ekainaren 18an Amasa-Villabonako kaleetan eta plazetan. Anoeta, Irura eta Aiztondo bailarako udal erakundeekin eta herritarrekin bat egina, Bizipoza elkarteak egun alaitsu eta pozgarria antolatu du. Ekitaldiz beteriko eguna izango da, Oinkariren emanaldi bereziaren biharamunean iritsiko dena.

Baina zer da zehazki zuretzat "bizipoza"? Galdera zuzen eta zehatz horrekin hasi ziren maiatzaren 30eko aurkezpen ekitaldia Gurea Antzokian. Galdera horrekin hasi eta amaitu, elkartez elkarte, taldez talde, eta pertsonaz pertsona, eszenatokira igo eta galdera horri erantzuna ematen joan baitziren. 

Go!azen telesaileko aktoreek eurentzat bizipoza zer den kantuz eta antzezpen txikitxoa eginez azaldu zuten. Antzokian bildu ziren haurrekin berehalako hartu emana sortu zen aktoreekin. 

Ondoren, banan-bana aurtengo Bizipoza jaieko edizioan lehen lerroan izango diren lau elkarteak igo ziren; Naizen, Etiopia Utopia, Oporrak Bakean eta Aspanogi, eurentzat bizipoza zer den adierazteko. Tartean, Aiztondo bailarako beste hainbat eragile ere: Latzo musika eskola, Besomotza konpartsa, Irrika aisialdi elkartea, Zubimusu ikastola,  Eresargi Abesbatza, Zigor Lampre eta Oier Laborde dantzariak...

Bizipoza zer den adierazteko ez dago erantzun bakarra eta zuzena, izan ere, pertsona bakoitzarentzat sentimendu eta sentsazio desberdinak baitira. Ezinezkoa hitzen bidez azalpenak ematea. Besteak beste, elkarlana, taldea, laguntza, bizitza, itxaropena edota indarra izan ziren ekitaldian helarazi zituztenak. Finean, bizipoza ematen duten arrazoi nagusi eta aipagarriak horiek lirateke.

"Baina zer da zehazki zuretzat bizipoza?" argi erantzunda gelditu zen ekitaldian, erantzun eta hitz soilak erabiltzeaz gain, ekintzekin ere erakutsi baitzuten parte hartzaileek zer den bizipoza. Abestiak eta bertsoak abestu zituzten, dantza eta pausu tradizional zein modernoak uztartu, mimika zein erraldoi eta ipotx desfile aparta eskaini... Bizipoza pertsona ororen bizinahia dela trasmititu zuten ekitaldian, eta ikusleak oro har oso pozik eta gustora atera ziren ikusitakoarekin. Gonbidapena luzatuta dago. Ekainaren 18an, igandearekin, Bizipoza jaia Amasa-Villabonan.

Egitaraua:

Ekainak 18, larunbata

ERREBOTE PLAZA

10:00 Loatzo musika eskolako lagunekin kalejira herrian zehar.

10:45-14:30 Bizipozako elkarteen gunea.

11:00 Go!azen–eko lagunen ikuskizuna.

11:30 Besamotza konpartsa. Erraldoien eta buruhaundien kalejira.

11:30-13:30 Haurrentzat jolasak, Irrika Aisialdi Elkartearen eskutik.

11:30-13:30 Haurrentzat eskulanen guneak, Zubimusu Ikastolaren eskutik.

12:30 Kantujira. Aiztondo, Irura eta Anoetako abeslari, Kukua abesbatza eta Asteasuko abesbatzarekin.

13:30 Eskertza eta aitortza ekitaldia.

15:00 Eresargi abesbatzako lagunen emanaldia.

16:00 Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin IRRI, KANTU ETA DANTZA. 17:30 Ndank Ndank elkartearen musika emanaldia.

18:00 Xabi Solano eta Zigor DZ.

19:00 Jaiaren itxiera.

 

BERDURA PLAZA

11:00-15:00 Etiopia Utopia Elkartearen eskutik, pintxoak eta ogitartekoak.

17:50 Txokolatada.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!