Joseba Tapiak Tximelaren bertsoekin kontzertua emango du Aljibean

Xabier Lasa 2023ko eka. 9a, 14:08

Joseba Tapiak Tximela Kapitainaren Izarrak diskoarekin kontzertua emango du gaur, ostiralarekin, Aljibean. Luis Rezola Tximela gudariak 1937an El Duesoko kartzelan idatzitako bertsoei 18 doinu erantsi eta bildu zituen 2013an plazaratu zuen diskoan. Orain aurretik, Modesto Rezolak, Adunan, Tximela bere aitaren biografia jakingarria hizpide izanik, hitzaldia eskaini zuen.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale elkarguneak antolatu du kontzertua, bere 10. urteurrenaren ospakizunaren baitan. 22:00etan hasiko da, eta sarrera librea da.

 

Tximela, pertsonaje erakargarria

Tximelaren biografiako hainbat zertzelada azaltzearekin batera, bere bertsoak eta bertso horiek inspiratu dituzten abestiak hartuko ditugu gogoan hurrengo lerroetan. Luis Rezola Arana Tximela (Tolosa, 1914, Villabona, 1993) bertso-jartzaile aparta izan zen.

Azpimarratzekoa da makina bat bertso idazteko gogoa eta talentua eduki zuela 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraz geroztik, gudari zelarik lehenbizi, eta preso gero.

Horrela, Tximela, bertso jartzaile aparta izateaz gain, frankisten eskutan preso izanik bertsoak idatzi zituen euskal herritar bakartzat, eta, frankismoko garai ilunetan bertso-paperen kulturari eutsi zion bakanetakotzat jo daiteke.

Modesto Rezolak Adunan ekainaren 1ean egin zuen hitzaldian, aitaren biografiari lotutako zenbait datu azaldu zituen.

Modesto Rezola Adunako Udaleko kultura sailak hitzaldirako aterako kartela eskuetan duela. Kartelean, Tximelaren irudia ageri da, Duesoko presondegian presokide batek egin zion erretratua hain zuzen. 

 

Hasteko eta behin, nondik ote zetorkion Tximelaren ezizena? Nonbait, aitona zimel-zimela behar zuen izan, eta haren ondorengoek deitura hori hartu zuten. Aita hamabi urte zituenean hil zitzaion, eta familia San Blas auzotik Tolosako herrira jaitsi zen.

Hamahiru urterekin Tornilleria Goñi torloju fabrikan hasi zen lanean, eta handik atera eta gau eskolara ikastera abiatzen zen lehhen ikasketak maiatzera. Hemeretzi urterekin, Aiztondora heldu zen, Adunako Talleres Aduna lantegian hasi baitzen lanean. Garaitsu hartan, soldaduska Palentzian eta Alcala Henaresen egin zuen.

1936ko kolpe militarren osteko gerran, Euskal Ejertzitoarekin jardun zuen, Gipuzkoako lehen borrokaldietan aritu eta gero, Azpeitian Eusko Gudarostean eman zuen izena. Loyola batailoiarekin lehenbizi eta Jagi-Jagi erakundeko Lenago-Il batailoirekin ondoren. 22 urte zituela kapitain izendatu zuten, “izardunetan gazteenetakoa” bertso batean adierazi izan zuen bezala. Inguruan errespetua eta miresmena sortzen zuen kapitaina omen zen. Besteak beste, Gorbea, Oitz, Gernika eta Bilboko fronteetan egin zien aurre faxistei.

1937ko abuztuaren 24an ejertzito italiarren esku geratu zen, gatibu; milaka gudariren patu berbera bizi izan zuen, EAJk italiarrekin Santoñako Paktua sinatu ostean.

Laredo eta Santoñako kontzentrazio zelaitik eta Dueso presondegitik igaro arazi zuten harrezkero. Dueson bertan, irailaren 29an egindako epaiketa “sumarisimoan”, “matxinadari atxikitzeagatik betiko preso izatera” kondenatu zuten. Hiru urte hainbat presondegietan egotera derrigortu zuten.

1940ko abuztuan aske utzi zuten, eta Adunako lantokira itzuli zen. Diktadurapean, borroka klandestinoari eutsi zion, eta horrela, 1948an, legez kanpoko paper batzuk banatu zituela egotzi, eta Ondarretako espetxean sartu zuten. Garaitsu hartan, bere bi lagunek eta hiruek ikurriña ipini zuten Uzturreko gailurrean.

Laster, Adunako Garagartza baserriko Ramona Zabalarekin ezkondu zen, eta Villabonara bizitzera joan ziren biak. Bi seme eduki zituzten, Modesto (1949) eta Ramon (1952). Familiako eta lantegiko eginbeharretatik libratzen zenean, bertso-paperak sortzen jarraitu zuen, eta Zeruko Argia eta Principe de Viana aldizkarietan makina bat bertso-paper argitaratu zuen.

 

Bertso-paperen sustatzailea, garai zailetan

1994ko Bertsolari Egunean, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak gerra osteko bederatzi bertso-jartzaile omendu zituen. Hona izenak: Sebastian Salaberria, Inozentzio Olea, Manuel Matxain, Xalbador Zapirain, Gillermo Albizu, Jesus Lete Ibaiertz, Luis Rezola Tximela, Joxe Manuel Arriola eta Joxe Aierbe. Horien bakoitzaren biografia eta bertsoak biltzen zituen liburua ere argitaratu zuen Elkarteak, Bertso berriak gerra-ostean jarriak izenburupean. Bertsozaleen webgunean, irakurgarri dago liburua.

Liburuaren osaketan parte hartu zuten Jokin Sorozabalek, Iñaki Agirresarobek eta Juanjo Uriak bederatzi bertso-jartzaile horiek garai zailenetan bertso-paperen generoan bete zuten funtzioa azpimarratu nahi izan zuten hitzaurrean:

“(…) Ez da arrazoirik falta omenaldia antolatzeko orduan gizon hauek kontutan hartzeko; batez ere bertso-paperek bertsolaritzaren kondairan zehar izan duten garrantzia ia uka ezinezkoa delako.

Azken 200 urteotan bertsolaritzaren edo bertso munduaren erreferentzia bilakatu da bertso-papera, bere gailur eta beheraldi guztiekin. Baina gerra osteko urteetan, hainbat arrazoi medio, aktibitate hau erabat desagertzeko zorian egon zela esan daiteke. Eta hemen sartzen ditugu liburu honetako eta aurtengo Bertsolari Eguneko protagonistak.

Garai zailak ziren, 1955 ingurua. Eta tradizio zahar hau, poliki-poliki berreskuratze ahaleginean saiatu ziren hainbat euskaltzale eta bertsozale, bapateko bertsolari batzuk ere bai tartean.

Bertso-paperen etenaldia luzeegia izan ez zedin saiatu ziren gizon hauek. Antzinako ohitura den partetik, euskal kulturak ere galtzen zuenez, beraiek eskain ahal zezaketena eskaini zuten bertsolaritzaren onerako. Eta ez bertsolaritzaren onerako soilik; gure hizkuntza ere laguntza eske zegoen egoera korapilatsu eta latz haietan; eta gure gizon hauek ekin ziotenean, bazekiten ongi bertsolaritzaren alde egindako guztia euskarari ongi zetorkiola…”.

Modesto Rezola, Tximela-ren semeak esan izan duen bezala, guztiek ere ”(…) soldaduzkan, gerran, kartzelan edo antzera, bakardade bat sentitzean hasiak dira, idazten behintzat”.

Bi bertso liburu Antonio Zabalak egile anitzekin Sendoa argitaletxepean eta Auspoa Bilduman argitaratu zituen 300etik gora liburu kontsultatu, bertan irakurri nahiz jaitsi daitezke, pdf formatuan.

Hain zuzen, Tximelak bi liburu argitaratu zituen (ale batean plazaratuta) bilduma horretan, Bakardadeko ametsak I eta Bakardadeko ametsak II, 204 eta 205n aleak, 1989an. Eskuragarri daude biek ere.

 

Bertsoak musikatuta

Tximelaren zenbait bertso musikatu izan dituzte, Joseba Tapiak batik bat. Tximela Kapitainaren Izarrak diskoa osatu zuen Tapiak 2013an, Tximelak Duesoko espetxean egin zituen bertsoak oinarri hartuta; guztira 18 abesti bildu zituen diskoan Tapiak. Akordeoia ez baizik eta gitarra erabili zuen Joseba Tapiak orduan; adierazi zuenez, Tximelak bertsoetan islatu nahi izan zituen Duesoko kartzelaldiko bizi baldintza panagarriak (iluntasuna, hezetasuna, bakardadea...) irudikatzea izan zen bere asmoa horrela. Entzungai daude sarean.

Nolanahi ere, Modesto Rezolak Adunan egin zuen hitzaldian, entzuleei gomendatu zien entzun zezatela Roberto Oñederra irrati esatariak Radio Vitorian gidatzen zuen Gure Musika saioan diskoari eskaini zion saio berezi, 2014/04/08an. Sarean entzungai dago saio gogoangarri hori.

Joseba Tapiaren lan mardulaz gain, Oskorri taldeak ere haren bertso sormenei doinua jarri izan dio. Hain zuzen, The Pub Ibiltaria 12 diskoan Gipuzkoako herriak izenburuko kanta bildu zuen 2008an, oinarri hartuta Tximelak Gipuzkoako erriak eta nere umorea 18 bertsoz osatutako bertso-sorta. Abestia, youtuben entzungai dago.

Tximelarenak dira, halaber, Pintxana Tolosako Inauterietako abesti klasikoaren hitzak.

Klasikoetan klasikoena kasik da abestia Tolosako Inauterietan. Antton de Pedrok konposatutako doinuari Tximelak letra jarri zion 1944ko Ostegun Gizenean, berak gogorarazi zuen bezala Bakardadeko ametsak liburuan:

“(…) Tolosak dituan kale guztiak pasa ondoren, Zumeta tabernan genduan aparia. Anttonek an jarraitzen zuan soñua joaz, bañan letrarik gabe. Tabernariari arkatz bat eskatu eta, neronen etorriak al de egin baño len, auxe idatzi nuan:

Pin, pin, pintxanatarrak gu gera,

pin, pin, pintxanatarrak beti.

 

Umore Olla pasatzen degu

beti sagardotegian,

gu bezelakorikan ez baita

Tolosako errian.

Pin, pin, pintxanatarrak gu gera,

Pin, pin, pintxanatarrak beti.

 

Antton de Pedrok eskun soñua,

anka batean txalopa,

gu atzetikan erdi mozkorrak

ta jendea txaloka.

Pin, pin, pintxanatarrak gu gera,

pin, pin, pintxanatarrak beti.

 

Neska gazteak, ez egon lotsez

guregana etortzeko,

Pintxanakoak be ti zai gaude

zuekin dantzatzeko.

Pin, pin, pintxanatarrak gu gera,

pin, pin, pintxanatarrak beti.

 

Denboraren poderioz, letra murriztu egin dute, eta honelaxe abesten dute gaur egun, Tolosako kaleetan:

Pin, Pin, Pintxanatarrak gu gera

Pin, Pin, Pintxanatarrak beti.

Umore ona pasatzen degu

beti sagardotegian,

gu bezelakorikan ez baita

Tolosako errian.

Neska gaztiak ez lotsik euki

guregana etortzeko

Pintxanatarrak beti zai gaude

zuekin dantzatzeko.

 

Tolosan 2023ko Inauterietan Mikel Olanok egindako grabazioa, ikusgai:

Baina, Pintxanak, non ote jatorria? Pintxana Euskal Herrian nahiko arrunta den hegazti mota da, Txonta arrunta, Elur-txori do Negu-txori izenez ere ezaguna. “Arrak bizkarralde arrea du, buru-ingurua gris-urdinska eta sabelaldea arrosa edo arre argia; hegal beltzetan marra zuri oso ikusgarri dituzte hegan ari direla. Emeak ez ditu arraren tonu gris eta nabar gorrixkak, arre-berdaska da” (Larrañaga, Jon: Euskal Herriko fauna: Euskal herriko fauna(ornodun lehortarrak) : anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea, 1996).

Bestalde, gogoratu behar da 1940an Pintxana izeneko txaranga sortu zutela Tolosako zenbait musikarik, eta geroztik bizirik segi izan duela gaurdaino. Badauka historio txikia txaranga horren sortzeak. Nonbait, urte horretako Ostegun Gizen egunean, lagun kuadrilla festa zale batek, udalari arratsaldean kaleetan bigantxa askatzea eskatu zioten. Ezezko erantzuna jaso zutenez, temati jarri, eta erabaki zuten udalak eskaerarekin bat egin arte Ostegun Gizen guztietan txarangarekin kalera aterako zirela. Halako batean, lortu zuten nahi zutena, baina ordurako txaranga kaleratzearen ideiak Tolosako inauteri zaleen artean erroak eginak zituenez, bere horri heldu zioten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!