Duela bost urteko gertaera latz hura gogoan

Irune Alfonso, Jon Ander Ubeda 2023ko eka. 28a, 08:47

Jose Carlos Carrasco eta Nerea Aguirre, Orats gaztearen gurasoak, artxiboko irudian. ©Aguirre sendia

Nerea Aguirre eta Jose Carlos Carrasco bizikleta gainean zihoazen zorigaiztoko kotxe istripuan heriotza aurkitu zutenean. Orats 12 urteko semea bizirik irten zen. 

Badira gertaera latzak, mingarriak, denbora igarota ere bere dimentsio osoan irauten dutenak. Duela bost urte, 2018ko ekainaren 28an, ezbehar batek kolpatu zuen Amasa-Villabonako familia bat. 

Albistearen eragina berehalakoa izan zen, eta erabatekoa. Gizarte osoa kolpatzen duen albiste ilun horietakoa da. Errealitatea fikzioa gainditzera iritsi zen, orduko hartan.  Halako eszena gordina irudikatzea zail egiten baita. Hemerotekan murgiltzea, bihotz begiekin irakurrita ere, ariketa gogorra da: “Jose Carlos Carrascok eta Nerea Aguirrek, Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) senar-emazteek, Donejakue Bidea bizikletaz osatu nahi zuten 12 urteko Orats semearekin. Hala ere, N-601 errepidean Santa Cristina de Valmadrigal parean pedalei eragiten ari zirela, baimendutako alkohol-tasa boskoizten zuen gidari mozkor batek harrapatu eta ihes egin zuen. Bi helduak berehala hil ziren eta haurra arin zauritu zen. Dagoeneko alta eman diote”.

Itxuraz, fisikoki, zauri arinak izan zituen haurrak. Baina bada bestelako mina, fisikoa baino mingarriagoa dena. Norberak bere baitan daraman min hori. Atera daiteke onik norbait, horrelako egoera batetik?

Ikusi ez eta barnean betikotu den orban horrekin, ordezkaezina den galera bikoitzarekin, Jose Carlosen eta Nerearen semeak bizitzan aurrera egin ahal izan du. Sorterrian jarraitu du, amona Errenteriatik Amasa-Villabonara bizitzera etorri zenetik. Osabak ere laguntzen dio, Lezoko bizimodua atzean utzita. 

Zertan da kasua, bost urte eta gero? Eta nola bizi du Amasa-Villabonako familiak, bizitzak parean jarri dion ez ohiko egoera? Saiatu gara bi egoerak batera argitzen.

Zorigaiztoko istripua eragin zuen gidariari dagokionez, prebentziozko espetxealdian sartu zuten, baina kalera irten zen bederatzi hilabetera. Gehienez ere, egoera horretan bi urtez egon zitekeen. Amasa-Villabonako familiaren abokatuek helegitea aurkeztu zuten, baina epaileak erantzun zuen ez zegoela ihes egiteko arriskurik, eta frogak ezkutatu ez zirenez, gidariak aske egon behar zuela iritzi zion. Egun, kalean jarraitzen du. Epai irmoa iritsi zenean, familiak jaso beharreko kalte-ordaina finkatu zen. Aseguru-partzuergoak, ordea, kalte-ordainaren kopuruagatik helegitea aurkeztu zuen. Geroztik, auzitegi batetik bestera igarotzen ari da afera. Dagoeneko bi epailek fidantzari bidea eman diote, baina aseguru-partzuergoak Auzitegi Gorenera eraman du kasua. Legez, epaia irmoa izan arte, ezin da fidantza betearazten hasi. 

Amorruz bizi du egoera hildakoen familiak. Nerearen ama eta anaia, hizkera juridikoa gurera ekarrita, giza hilketa baten biktima sekundario dira. Kasu honetan, sorburuan, indarkeriazko heriotza dago. Maite duzun pertsonen heriotza saihesgarria zela jakiteak trauma eragin die. Panorama horretan, ez da zaila irudikatzea Oratsen familiak bizi duen kalbarioa. Bost urte igaro badira ere, amaren anaiari entzunda, haserre, suminduta daude. 

Bizitza ez da inoiz berdina izango 2018ko gertaera latza pairatu zuten familiakideentzat, baina antzeko egoeretan dauden biktima askok, denborarekin, beste ulermen eta esanahi batekin ekin diote bizitzari. Ez da samurra izaten, prozesua bihurgune emozionalez beterik dagoelako.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!