Altzin kaleko aparkalekuak eraberritzen hasi dira

Jon Ander Ubeda 2023ko abu. 3a, 11:40

Lanen helburua bikoitza da: Aparkaleku gehiago sortzea eta kaleko argiteria hobetzea.

Altzin kalean egokitzapen lanak egin dituzte, aparkalekuen arazoari irtenbidea eman asmoz. Eta, bide batez, kaleko argiteria hobetuz. Udalak, ohar bidez, herritarren eskaerari men egiten diola adierazi du: "Egokitze lan hauek hainbat herritarren eskaerei eta Udaltzaingoak egindako txostenaren" ondorio direla adierazi dute. 

Porlanezko loreontziak kenduko dituzte, aparkalekuak sortuz eta aparkatzea erraztuz. 18 zuhaitz kenduko dituzte, bestalde, zuhaitz horiek sortzen duten erretxina eta fruitua autoetan kalteak eragiten zituztela argudiatuta. 

Jarduera honen aurrean, iritzi kontrajarriak sortu dira. Alde batetik, lanei ekiteko herritarren eskaerak kontutan hartu dituztela adierazi du Udalak. Bestalde, eta ekimenaren aurka, herritar batzuk protesta egin dute. Bereziki, zuhaitzak bota behar dituztelako.

"Altzin kaleko zuhaitzak defendatu ditzagun!!" aldarrikatu dute, ibilgaluei lehentasuna ematen zaiela salatuz. "Aldaketa klimatikoaren aurre egiteko burutzen diren egitasmoen artean zuhaitzek bereziki garrantzi handia dute herri eta hirietan", argudio hori defendatu dute zuhaitzak mozteko erabakiaren aurka agertu direnek.

Lanen iraupena hiru astetakoa izango dela aurreikusi dute. Denbora tarte horretan ezingo da ibilgailurik aparkatu kalearen alde horretan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!