Abiatzear da kontsumo-bonoen kanpaina

Aiurri 2023ko ira. 13a, 14:30

Irailaren 15ean jarriko da martxan herriko kontsumo-bonoen kanpaina, Oria merkatari elkartearen eta Amasa-Villabonako udalaren eskutik. Bosgarrenez antolatu dute eta abenduaren 9ra arte iraungo du. Kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur eguerdian udaletxeko arkupeetan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira, besteak beste, Beatriz Unzue alkatea eta herriko zenbait merkatari. 

Kanpaina honetarako, 62.000 euroko inbertsioa egin du udalak eta, guztira, 10 euroko 17.010 bono jarriko dira salgai, aurrez izena eman duten 45 saltokietan erabiltzeko. Garazi Dorronsorok, Garazi lora-dendako kideak eman ditu ekimenaren gaineko xehetasunak: 

Bonoak hirunaka erosi behar dira, eta gehienez ere, 9 eskuratu daitezke denda bakoitzean. Erosle bakoitzak 3, 6 edo 9 bono erosi ditzake establezimenduko. Horrela, bonoak erosten dituenak 20 euro jarrita, 3 bono lortuko ditu (30 euro). 40 eurorekin 6 bono jasoko ditu (60 euro). Eta, aldiz, 60 eurorekin, 9 bono (90 euro). Bide beretik, Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi du erosketa-bono bakoitza % 33an lagunduko duela diruz.

Kanpainan parte hartzeko baldintzei dagokionez, hamasei urtetik gorako herritarrak izan behar dira erosleak, eta ez da nahitaezkoa izango Amasa-Villabonakoa izatea. 

Informazio gehiago, datorren hamaboskarian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!