Euskaltzale independentisten lehen topaketa Amasa-Villabonan

Alba Cabrera Jauregi 2023ko ira. 23a, 07:00

Amasa-Villabonako Errebote plazan egin zuten aurkezpena.

Euskal Herrian Euskarazek antolatuta, bi aste barru izango da Amasa-Villabonan. Euskara eta independentzia ardatz, askotariko ekintzak izango dira asteburu horretan

Euskaltzale independentisten bilkura izango da Amasa-Villabona urriaren 7an nahiz 8an, izan ere, bertan egingo da, estreinakoz, Euskaltzale Independentiston Topaketa, Euskal Herrian Euskaraz eragilearen eskutik. Hala, asteburu osoan, askotariko hitzorduak izango dira herrian, euskararen eta independentziaren bueltan hausnartzeko.

Mahai-inguruak, tailerrak, kontzertuak, otorduak, mural-margoketa eta beste hainbat ekintza bilduko dituen egitarau zabala antolatu dute, hiru helburu nagusi betetzeko asmoz: lehenik, prozesu euskaltzaleak nahiz burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu nahiz indartu dezaketen hausnartzea; bigarrenik, euskalgintzaren erronka berriei buruz gogoeta egiteaz gain, horiek Euskararen Errepublikaren norabidean kokatzea; eta, azkenik, euskaltzale independentisten komunitatea ehuntzea eta indartzea.

Izen-ematea

Aldez aurretik, online eman beharko du izena parte hartu nahi duenak, talde-eragilearen esanetan, “antolakuntza lanak errazteko eta aurreikuspenak ahalik eta ondoen egiteko”. Horrela, galdetegia bete beharko dute interesa dutenek.

 

Egitaraua

URRIAK 7, LARUNBATA

10:00 Gurea Antzokia: topaketen aurkezpen ekitaldi laburra eta “Euskararen errepublika eraikiz" mahai-inguru nagusia. Azken horretan, bost hizlarik parte hartuko dute: Amets Arangurenek, Amets Arzallusek, Eneko Bidegainek, Estitu Garaik eta Lorea Agirrek. Aurkezle lanetan, berriz, Ekhiñe Atorrasagasti arituko da. Hizlari bakoitza bere eskarmentutik eta eremutik arituko da, hiru galdera nagusiri erantzunez: "Euskararen errepublika zergatik, nola eta nolakoa". 

12:45 Ama Lurra plaza: ekitaldi politikoa. Ondoren, azaroaren 4an, euskararen erasoen aurka Bilbon egingo den manifestaziorako atxikimendu argazkia aterako dute. Jarraian, joaldunak kalez kale.

13:30 Bazkaria.

Arratsaldean Sei tailer egingo dira, gaurkotasunarekin lotuta, interesa sor dezaketen gaiak hizpide. Hiru tailerrez osatutako bi txanda izango dira, beraz, norbanako bakoitzak bi tailerretan parte hartu ahal izango du.

1. txanda (16:00-17:15): "Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan", "Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer?" eta "Zein toki du euskarak intersekzionalitatean?".

2. txanda (17:30-18:45): "Gazteok euskararen borrokan", "Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka" eta "Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak".

19:00 Elektrotxaranga.

22:00 Kontzertuak: Yogurinha Borova, Gora Etorri eta DJa.

 

URRIAK 8, IGANDEA

11:00 Irrintzi Elkartea: gosaria.

11:30 Euskal Herrian Euskarazen mural-pintaketa.

12:45 Errebote plaza: pilota-ikuskizuna. Ondoren, marianitada Iratzar tabernan eta Euskaltzale independentiston Toka Txapelketa. 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 633 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!