“Garrantzitsua da beste eragile euskaltzaleekin modu eraginkorrean saretzea”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urr. 7a, 08:38

Euskalzaletasunak eta indepentismoak bat egingo dute Amasa-Villabonan, Euskal Herrian Euskarazen eskutik. Asteburu honetan bertan izango da Ibon Leibar Belastegi EHEko kidea.

Euskaltzale independentisten topaleku izango da Amasa-Villabona urriaren 7an nahiz 8an, bertan egingo baita, estreinakoz, Euskaltzale Independentiston Topaketa, Euskal Herrian Euskaraz eragileak antolatuta. Buru-belarri dabiltza antolatzaileak, azken orduko xehetasunak zehazten, eta tartean da Ibon Leibar Belastegi kidea.

Zergatik egin topaketak Amasa-Villabonan?

Bi arrazoi nagusirengatik: lehenik, geografikoki, Euskal Herrian, nahiko erdian gelditzen delako, gainerako probintzietatik etortzeko. Bigarrenik, gure kide bat Amasa-Villabonakoa da eta harremana du bertako Udalarekin. Hala, erraztasunak ipini dizkigute, logistikari dagokionez.

Zure ustez, zein inpaktu edo eragin izan dezake bailaran horrelako topaketa bat egiteak?

Topaketa nazionalak dira, guztien iritziak eta bizipenak hartu nahi ditugulako kontuan. Gainera, tailerrak zein hitzaldiak antolatzeko, adinari, lurraldetasunari eta generoari erreparatu diogu, guztia uztartzeko. Bestalde, Aiztondo bailara aktibatzea garrantzitsua da jendea erakartzeko eta bertan inpaktua izatea espero dugu. Oraindik, azken ordura arte, ez dugu jakingo zenbat kide etorriko diren, baina asteburu polita izango da.

Euskaltzale eta independentistei luzatu diezue deia. Zer dela eta zehaztapen maila hori?

Hasieran aipatu moduan, nazio pultsua indartu beharreko puntua zela identifikatu genuen. Beharrezkoa ikusten dugu independentzia euskara salbatzeko, alegia, oso zaila da euskara hizkuntza gisa salbatzea, horretan sinesten duen komunitaterik ez bada. Hori izan ezean, Espainiaren eta Frantziaren esku gelditzen da beti, baita mundu zabaleko korronteen menpe ere. Herri gisa ez baldin badugu erremintarik etxekoa babesteko, zaila ikusten dugu hizkuntza modu isolatuan salbatzea.

Horren harira, Txillardegiren esaldi bat hartu zuten gogoan topaketen prentsaurrekoan: “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; estaturik gabe, ziur ezetz”.

Hori da. Topaketetan ere euskaltzaletasuna eta nazio-ikuspegia uztartuko ditugu, norabide berean egin dezaten arraun bi borrokek.

Jendartearen makina bat esparrutara iristen da euskara. Bada, zuek ere, mahai-inguruen nahiz tailerren bidez, ertz horiek guztiak ukitu nahi dituzue. Zerbait aurreratzerik bai?

"Euskararen Errepublika Eraikiz" izango da mahai-inguru nagusia, eta askotariko esparrutatik etorritako hizlariak izango ditugu. Ondoren makina bat tailer izango dira, lehentasunaren arabera erabakita eta gaika sailkatuta: besteak beste, euskara eta gazteria, intersekzionalitatea, euskararen aurkako erasoak, kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan, tokiko borrokak eta euskara pantailetan.

Aipatu beharra dut, igande horretan, urriaren 8an, Nafarroa Oinez izango dela. Eguna iragartzerako, jada, guk aurrez zehaztuta genituen gure topaketak. Horregatik, igandea xumeagoa izango da, gero, jendea Etxarri-Aranatzera animatu dadin.

Zergatik da garrantzitsua topaketetara joatea?

Aisialdiaz hitz egitea garrantzitsua da: tailer praktikoez zein arlo teorikoaz gain, elektrotxarangaz, kontzertuez eta Dj-ez gozatzeko aukera egongo da. Hau da, aisialdiari ere tokia egin nahi diogu, gure proposamena zabaltzeko eta harremanak, esparru informalean, jorratzeko, jendearengana iristeko beharra antzeman dugulako. Saretu egin behar dugu eragileekin, izan elkarteekin, izan talde politikoekin edo sindikatuekin. Hori guztia esanda, bi egun politez gozatzeko aukera egongo da, guztiei begirako ekintzekin.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 634 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!