Belabietako Gudua gogoan hartzeko informazio-panelak ipini dituzte

Xabier Lasa 2023ko urr. 7a, 08:51

Abenduaren 9an 150 urte beteko dira 600 hildako eragin zituen Belabietako bataila odoltsua gertatu zenetik. Zortzi informazio panel ipini dituzte bailaran 
–Amasa-Villabonan, Andoainen, Berastegin eta Tolosan–, haren berri emateko.

Tolosa, Berastegi eta Andoaingo udalekin elkarlanean ipini dituzte zortzi panelak, hain zuzen. Horietatik, bost berdinak dira, batailaren gaineko oinarrizko xehetasunak kontatzen dituzte, eta Amasan (San Martin eliza ondoan), Villabonan (Kale Berria eta Ama Lur Plaza ondoan), Tolosan (Belabietako bidean), Andoainen (Txertotatik gora, Amasa-Villabona eta Andoainen arteko mugarriaren ondoan) eta Berastegin (Belabietako bidean) ipini dituzte. Gertakari historikoaren gaineko informazio anitza eskaintzen dute gainerako hiru panelek, eta Belabieta ondoko Meakako gurutzean, Belabietako gainean eta Uzturren kokatu dituzte. 

Aurkezpen-ekitaldian parte hartu zuten Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, eta Juantxo Agirre, Karlos Almortza eta Jesus Bidaola Aranzadiko kideek.

Unzuek Belabietako bataila dimentsio handiko gertakaria izan zela aipatu zuen: “Nahiz eta herritarren artean ez izan oso ezaguna Amasako mendi magaletan gertatu zen bataila odoltsu hura, herrian izan diren gertakari garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe. Udal artxiboko agiriek jakitera ematen digutenez, II. Gerrate Karlistan, Gipuzkoan izan zen batailarik odoltsu ea gogorrenetakoa izan zen. Aipatzen da guztira 600 baja izan zirela, kopuru beldurgarria inondik ere”.

Unzuek aurreratu zuenez, abenduari begira hainbat ekitaldi prestatzen ari dira gertakari historiko hura gogorazteko asmoz. “Gertakaria ilunpetik atera eta ikertu nahi da, errealitatea ondo ezagutu, eta ondoren, herritarrei ezagutarazteko”.

Ikerketaren gidari den Karlos Almortzak ere, Gerrate Karlista ikertzeko premia azpimarratu zuen Amasan egindako aurkezpenean. “Euskal Herrian jarduera ugari burutzen ari dira 1936ko galtzaileen oroimena berreskuratzeko. Franco hil ondoren, trantsizio garaian, indar politikoek onartu zuten gertatutakoa bazterrean uztea, eta unibertsitateak ere bestaldera begiratu zuen gerran gertatutakoa bere zeregina ez balitz bezala. Gauza berbera esan genezake XIX. mendean izan ziren gerrate karlisten gainean ere. Badirudi orduan gertatutakoak ez datozela bat gure herriaren historiarekin, eta oraindik ere, zenbaitetan, harritu egiten gara gertakizun haien garrantzia azpimarratzegatik, edota, historia ofizialetik at gertatukoak argitzeko dauden joerengatik”.

II. Gerrate Karlista ez zaigula egin behar hain urrunekoa berresteko, uztailean hil den Amasako Alustiza baserriko Jose Joakin Etxeberria aipatu zuen Almortzak. “Gogoratzen zigun, haurra zela, aitonak nola kontatzen zion bere aitarekin Belabietako batailan borrokatu behar izan zuela”.

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 634 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!