Zaintza-lanak aztergai izango dituzte, Andoainen

Aiurri 2023ko urr. 13a, 08:38

Zaintza-lanak aztergai izango dituzte Andoainen, datorren urriaren 18an, Berdintasun Sailak antolatu duen jardunaldian. Bastero Kulturgunean izango da, arratsaldeko 18:00tan hasita.

Euskaraz izango da, aldibereko itzulpen sistemarekin. Bertaratu nahi duten gurasoak gogoan, adin txikikoen zaintza-zerbitzua eskaintzeko prest dira antolatzaileak. Horren premia duenak eskaera egin behar du, aldez aurretik.

“Zaintza-lanak. Andoainen zaintza lanekin zer? Aurrera begirako proposamenak”, izenburu hori ipini diote jardunaldiari.

Aurreko urteetan Beterri-Buruntzan abian jarritako diagnostiko batean abiatu ziren, zaintza-lanen azterketari ekiteko. Eskualdekoa egin zen, lehenik, eta herri mailakoa, gero. Uda aurretik jardunaldi parte-hartzaileak izan ziren, dozenaka partaide hurbildu baitzen. Ikasturte berria martxan jarrita, prozesuak parte hartzailea izan behar duela argi dute Berdintasun sailean. Andoainen egin zuten diagnostikoaren ondorioetatik lau ildo bereiztu dituzte: amatasuna, etxeko langileak, zaintzaile profesionalak eta etxe berekoak izan eta zaintzaile bilakatzen direnak.

Ideia orokorretatik zehaztapenetara jo nahi dute, urriaren 18an. Eta, horretarako, ekintza-plana garatzea tresna baliagarria izango dela diote. Helburua ildo nagusiak mamituko dituen talde motorea sortzea baita. Eta, bertan, Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun lansailez gain, mugimendu feministari parte hartzeko gonbitea luzatuko zaio. Aurreko urratsetan bezala, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egoitza duen Emagin elkarteak bideratuko du prozesua. Eskarmentu handiko elkartea da, eta Usurbilen nahiz Hernanin antzeko prozesuak bideratzen ari da.

Bi dokumental proiektatuko dituzte

Udazkenean, zaintza lanen egitasmoa berrartzearekin batera, bi dokumental eskainiko dituzte.

Cuidado, resbala

 

2013an Espainian ekoiztutakoa. Sinopsia: “Gizartean ordaindutako jarduerak lehenesten dira, prestigioa ematen dutenak eta diruz  neurtzen direnak. Hala ere, guztion bizitzari eusteko ezinbestekoak diren zeregin ikusezin asko daude. Dokumental honek mugimendu feministek bereziki duten kezketako bat jorratzen du: zainketen lana. Nork egiten duen, nola baloratzen diren, zein beharrezkoak diren. Zaintzarik gabe ez dago bizitzarik, eta bizitzarik gabe ez dago ez politikarik, ez merkaturik, ez krisirik... ezer ere ez”. Soraya Ronquillo Bidez Bide elkarteko kidea hurbilduko da Andoainera.

Ama ta Asunak

June Baonza Pagaldai durangarrak landutakoa. Sinopsia: “Zenbat bete gabeko espektatiba jaurtitzen dira emakumeen bizkar gainera? Non biltzen dira hautu hau jarraitzen ez dutenen bizi esperientziak? 6 bizi esperientzia, 6 hautu, 6 elkarrizketa, 6 obra grafiko, bideo bat eta instalazio bat. Proiektuak erresumin horiei guztiei heldu nahi die. Adierazteko behar duten arnasgunea eskaini. Gozamenari eta minari, duintasun berarekin tokia eskaini, bizigarriagoak izango diren espazioak sortzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!